Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez, gaur iritsi da Villabonako espetxe asturiarrera Albaro Arri Pascual Algortako preso politikoa. Lehenagoko destinoa Kordoban izan du azken urteotan. Villabona, berriz, Getxo udalerritik 299 kilometrotara dago. Albaro Arri Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri zion 208 urteko espetxe zigorra betetzen ari da. 1994ko uztailaren 29an Madrilgo Ramales plazan gertatutako Francisco Veguillas Espainiako Armadako teniente jeneralaren eta bi lagunen hilketa leporatzen diote. 2005eko irailaren 22ko epaiketan, "militarren ibilgailua igarotzen ari zela Madril komandoko kideei bonba zartarazteko abisua ematea" egotzi zioten Arriri; Veguillas, auto-gidaria eta garraiolari baten heriotza eraginez. Abokatuek, baina, behin baino gehiagotan mahai gaineratu dituzte "prozesu honetan izandako akats ugari eta nabarmenak". Horretaz gain, "akusazioak izan zuen froga falta, torturaren bitartez eskuratutako deklarazio batzuekin ordezkatu zuten, nahiz eta deklarazio haiek bakarrik deklarazio polizialak izan, eta gainera, gero, epailearen aurrean ukatu eta adierazi eragindako torturen ondorio zirela", errepresioaren aurkako erakundearen arabera. Hala ere, 2007ko urtarrilaren bukaeran, Espainiako Auzitegi Gorenak ere atzera bota zuen abokatuen helegitea. Eta aurtengo apirilean sententzia berretsi zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, abokatuaren errekurtsoa atzera botata. Argazkian, presoen aldeko protesta eskualdean.