Xabi eta Fredi Paya izango dira BECen Itzubaltzetan durangarrak nagusitu arren

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 8a, 01:45

Xabi eta Fredi Paya algortarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean izango dira datorren abenduaren 20an Barakaldoko BECen. Izan ere, atzo jokatu zen Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan hirugarren eta azken finalaurrekoa eta finalean egongo diren zortzi bertsolariak finkatuta gelditu ziren. Atzoko saioa Unai Iturriagak irabazi zuen 575,5 punturekin. Bere atzean, Igor Elortza (563,5), Xabi Paya (551) eta Etxahun Lekue (529) sailkatu ziren finalerako. Gorka Ostolaza "Potxis" (500) eta Eñaut Intxaurragarentzat (492), berriz, Itzubaltzetan bukatu zen txapelketa. Finalisten zerrenda Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Fredi Paya eta Onintza Enbeitak osatuko dute. Estiballes Gernika-Lumon nagusitu zen eta Ibarra, berriz, Markina-Xemeinen. Fredi Payak 524,5 puntu eskuratu zituen Gernikan eta Onintza Enbeitak 514 Markinan. Saio ona eta beroa izan zen atzokoa, 1.200 bat ikuslek lehenengo unetik batari zein besteari animo pila eman eta txalo zaparradak jo zizkiola, bertso ale ederrak jaso zutela erantzunean. Bertsolariek Mikel Laboa omendu zuten, Igor Elortzak propio "Izarren hautsa" kanta bertso doinu bihurtu zuela. Bestalde, abenduaren 20an ez ezik hilaren 13an ere BECera jaotera deitu zuten, "Euskaraz Bai" Kontseiluaren ekitaldira. Argazkian, Unai Iturriaga eta Xabi Paya, pentsakor.

"Santa Rita, Rita, Rita, lo que se da no se quita. Aupa, Xabi!" zioen bart Santa Eugeniako plazako karpan ALBEkoek jarritako pankartak. Baina plastiko puskak ez zuen eraginik izan, oraingoz gutxienez.

Gerta liteke horrela izatea erdara hutsez idatzirik zegoelako, bertsolari guztiek gure bihotzak eta mingainak euskararen alde astintzeko defentsa sutsua egin baitzuten, baita Euskaraz Bai ekitaldira joateko deia egin ere. Gerta liteke, Mikel Laboa omendu arren benetan malefiziorik badelako izatea. Posiblea da ere, konpetentziari zuzendu izana akatsa izatea, plaza beste santa batena delako, Santa Eugenia, Santa Eufemia zaharrari kenduta, gainera. Agian, santarik gabe Marik Anboto aldekoak lagundu zituelako, ekialdeko haizea jota. Ala besterik gabe, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak Xabi Payak baino egun hobea izan zutelako.

Dena den, gauza bat da Itzubaltzetako finalaurrekoa, non sailkatzea baino ez zuten jokatzen, eta beste bat eta oso ezberdina BECeko finala. BErtan, edozein gauza gerta daiteke: Xabik txapelari eustea, anaiari eman behar izatea, Etxaun bertsokideari, durangarren bati, Estiballesi edo, Bizkaiko bertsolaritzaren historian lehenengo aldiz, emakume bati.

Orain arteko sailkapena:

• Unai Iturriaga: 575,5 puntu. Zuzenean sailkatua.
• Igor Elortza: 563,5. Sailkatua.
• Xabi Paya: 551. Sailkatua.
• Iratxe Ibarra: 540. Zuzenean sailkatua.
• Arkaitz Estiballes: 537,5. Zuzenean sailkatua.
• Etxahun Lekue: 529. Sailkatua.
• Fredi Paya: 524,5. Sailkatua.
• Onintza Enbeita: 514. Sailkatua.
• Ibon Ajuria: 508.
• Miren Amuriza: 505.
• Jone Uria: 504.
• Oihane Bartra: 500.
• Gorka Ostolaza: 500.
• Joseba Artza: 493.
• Eñaut Intxaurraga: 492.
• Eneko Abasolo: 480.
• Jabier Olibares: 461.
• Amaia Uribe: 426.

BECerako sarrerak, 18ra arte erosgai

Dagoeneko www.botasarean.biz txapelketarako beren beregi atondu den webgunean, zein www.bertsozale.com ohiko gunean, abenduaren 20an Barakaldoko BECen egingo den finalerako sarrerak erreserbatu daitezke. Erreserba egiten duenari etxera bidaliko zaio eskatutako sarrera edo sarrerak (bat baino gehiago eskatuta). Webgunean erreserbak egiteko azken eguna abenduaren 18koa izango da. Hala ere, abenduaren 13tik 18ra eskatzen dutenek, etxean barik, BECeko lehiatilan jaso beharko dute sarrera. BECen, berriz, ez da sarrerarik salduko, antolakuntzak BECeko moduluak antolatu ahal izateko. Hiru preziotako sarrerak daude: arrunta 16 euro, bazkideentzat 12 euro eta 16 urtetik beherakoentzat 8 euro. Webguneetan ezezik, BBKren orotarako kutxazainetan edo 944 310 310 telefono zenbakian ere eskuratu daitezke finalerako sarrerak. Bestalde, antolatzaileek garraio publikoa hobestea eskatu dute eta metroz bidaiatuko direnei BECen geltokia Ansio dela, eta ez Barakaldo, gogoratu diete.

Argibide, bideo, argazki eta audio gehiagorako jo zuzen larrabetzu.org eta www.botasarean.biz webguneetara.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun