Aurten 8.500 bisitari inguru izan dira Getxoarten

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 8a, 15:58

Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez, 8.500 bat bisitari izan dira Getxoko Arte Berrien Aretoan. Erakusketa gaur bertan amaituko da, parte hartu duten 57 artista gazteren lanak lau egunez erakutsi eta gero. Artistak, galerietako arduradunak eta artearen hainbat profesional bildu dira arte berrien topagune bilakatu den erakusketa horretan. "Originaltasuna, freskotasuna eta ausardia" izan dira parte hartzaileen lanen ezaugarri nagusiak. Halaber, "aurten ere konfirmatu da erakutsitako obren kalitatea gora doala eta gaur egungo artearen joerak jarraitzen dituztela", tokiko kultur iturrien arabera. Lanen aberastasunaz, hetereogeneotasunaz eta bitxitasunaz gain, artista gazteek erakutsi dute erakustokien lekua eta beren eskura izan dituzten baliabideak ondo aprobetxatzen dakitela, ahalik eta itxurarik erakargarriena lortzeko. Honek adierazten du partaideen profesionaltasun maila handia dela, nahiz eta artisten batezbesteko adina 21 eta 25 urte artekoa izan. Horietako askorentzat publikoaren aurrean beren lanak erakutsi dituzten lehenengo aldia izan da. Argazkian, aurtengo Getxoarten parte hartu duten artistak.

Oraingo honetan ere, artisten eta publikoaren partaidetza bultzatzen duen ekimena dela erakutsi du Arte Berrien Aretoak. Bisitariak inolako oztoporik gabe mintzatu ahal izan dira artistekin, erakutsitako obrez. "Horri esker, sortzaileen eta publikoaren arteko harreman zuzenak sortzen dira eta hau ez da batere ohikoa mota honetako erakustaldietan", Getxoko Kultur Etxekoek diotenez. Halaber, hainbat artistak beren lehenengo salmenta profesionalak egiteko aukera izan dute. Horrek guztiak Getxoartek izan nahi duen esperientzia praktikoa hobetzeko balio du.

Arte berriak zabaltzeko foroa

Getxoartek arte berriak zabaltzeko foro bat izatea izan du asmo nagusi ekimen hau sortu zenetik. Azken urteotan erakustaldi hau sendotu egin da eta artista gazteen lanak bultzatzeko helburua ondo betetzen ari da. Arte Sortu Berrien Aretoan, artistek era zuzen eta xumean ezagutzera ematen dituzte beren obrak; izan ere, Arte Berrien Aretoan proposamen artistiko oso pertsonalak ikus daitezke. Bestalde, artista berriak ezagutzera emateko, katalogo bat argitaratzen da. Besteak beste, parte hartzaileen curriculuma eta obrak erakusten dira arte munduko profesionalei bidaltzen zaien argitalpen honetan. Halaber, museoetan eta arte aretoetan ere banatzen da katalogoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun