Europan erbesteratutako emakume kurduei buruz arituko dira ostegunean Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 8a, 16:44

Joan den asteazkenean eman zitzaien hasiera, Bilbon, "Kurdistango emakumeak: erresistentzia eta errebeldia" izenburuko jardunaldiei, GITE-IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak antolatuta. Bada, ostegun honetan, abenduak 11, Europan erbesteratutako emakume kurduei buruzko solasaldia izango da Sopelan. Ekitaldian Melike Yasar-ek hartuko du hitza. Aipatu laguna Alemaniako Düsseldorf hirian egoitza duen Bakearen aldeko Emakumeen Bulegoan lan egiten du. Egungo kurdu belaunaldi oso bat bezala, erbestean jaio edo bizitzaren zati handiena erbestean eman du Yasarek. Beste emakumeekin eta, modu ezberdinak erabiliz, Kurdistango errealitatea jakinarazi nahi du, eta batez ere, emakumeena. Beste lan batzuen artean, estatu ezberdinetako preso politikoen egoerari buruzko informazioa hedatzen du Emakumeen Bulegoak. Euren Ikuspuntu feministatik Kurdistango gizartearen egitura patriarkalak desegin eta harreman berriak sortarazi nahi dituzte. Emakumeen Bulegoa nazioarte mailako lana egiten ari da. Berdinen arteko lanean daude konprometituta; hala kurdu erbesteratuen estatuei, nola 35 milioi kurduren izana desagertu nahi duten estatuetako gizarteei zuzentzen diete euren lana. Kurdistango komunitateari nazioa, hizkuntza eta estatua ukatzen dizkiote. Esan bezala, Sopelako hitzaldia ostegun honetan, abenduak 11, izango da, 19:30etik aurrera, udaletxeko sarreran. Argazkian, jardunaldien kartela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun