Gaur hasi den kanpaina Euskadi 2007-2010 Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan bilduta dago. Plan horretan Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, udalek eta trafikoarekin nolabaiteko zerikusia duten beste hainbat erakunde pribatuk hartzen dute parte. Kanpainak irauten duen bitartean Herrizaingo Sailak hainbat mezu zabalduko ditu hedabide ezberdinetan, alkohola edanda edo drogak kontsumitu eta gero autoa hartzeak dakartzan arriskuez gidariak jakitun izan daitezen. Ertzaintza 2007ko azaroan hasi zen prebentzio frogetan, istripuen ikerketetan eta arau-hauste larrietan droga kontrolak ere egiten.
10.912 alkoholemia proba eta drogak neurtzeko 240 proba
Herrizaingo Sailaren datuen arabera, aurten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetan burutu diren aipatutako bi kanpainetan guztira, 10.912 alkoholemia proba egin dituzte 809 kontroletan: 517 ekaineko kanpainan eta beste 292 abuztuko jaietan zehar. 389 izan ziren positibo eman zuten gidariak, hauetatik 230ek lehen saiakeran eta 159k bigarrenean. Guztietatik 29 kasutan atxilotu zituzten positibo eman zuten gidariak. Era berean, alkoholemia kontrol horiekin batera, Ertzaintzako agenteek eta Bilboko udaltzainek drogak neurtzeko kontrolak burutu zituzten kanpaina berberetan. Guztira 240 proba egin zituzten eta hauetatik 43 salatu zituzten sustantzia sorgorkariak hartu ostean gidatzea egotzita.