Bihartik aurrera egin daiteke Gobelako kiroldegiko aparkalekuak errentan hartzeko eskaera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 8a, 18:55

Gobelako udal kiroldegiko lur azpiko aparkalekuko 235 tokietatik bat errentan hartzeko eskaera egin ahal izango dute, bihartik aurrera, Itzubaltzeta / Romo eta Areetako bizilagunek. Getxoko Udalak esleitu du jada aparkaleku horien kudeaketa eta ustiatzea, eta urtarriletik aurrera erabili ahal izango dira. Zazpi partzela elbarriak diren edo ibiltzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat izango dira eta, beste 36 eman dizkiete honez gero auzokoei, 25 urterako. Udal arduradunen arabera, toki berri horiek "eragin zuzena" izango dute aparkalekuen arazoa arintzeko, batez ere, Itzubaltzetan. Imanol Landa alkatearen arabera, "aparkaleku merkeak edukitzeko aukera eman nahi zaie auzotarrei, alokairua bezalako formula malguaren bitartez". Bere hitzetan, horri esker, "Romoko auzotar askok gozatu ahal izango dute garaje partzela on batez eta, gehienbat, bertan dagoen aparkaleku faltaren arazoa modu garrantzitsuan arinduko da”. Itzubaltzeta edo Areetan bizi direnek asteko, hileko edo urteko errentan hartu ahal izango dute partzela bat. Lehentasuna izango dute urte osorako partzela nahi dutenek. Asteko errenta 11,25 eurokoa izango da, hilekoa 45 eurokoa eta urtekoa 540 eurokoa, BEZa barne. Abonamendu guztietan EAEko urteko KPIren pareko igoera izango da urtetik urtera. Interesatuta dauden pertsona guztiek bihartik aurrera deitu ahal izango dute 600 539 532 telefono zenbakira. Deitzeko ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara izango da, ostiral arratsalde, larunbat, igande eta jai egunetan izan ezik. Argazkian, lurrazpiko parking bat / Nelson Biagio Jr.

Gobelako lur azpiko aparkalekuarekin eta Santa Eugenian, Mesedeetako Ama kalean eta Santa Anan daudenekin batera, Udalak "urrats garrantzitsua" eman du Romo eta Areetako bizilagunentzako eskaintza hobetzeko, guztira 1.161 plaza direla. Aurrerantzean, halere, eta legegintzaldia amaitu artean, Landak aurreratu duenez, Gobernu Taldearen ahaleginak Algorta eta Getxon aparkalekuak egitera bideratuko dira, lan jakin batzuk eginez, berbarako, metroko geltoki berri ondoko 300 plazako aparkalekuarenak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun