Frantziako Poliziak hiru lagun atxilotu ditu Gerben, Tarbes ondoan (Pirineo Garaiak), arratsaldeko 6ak inguruan, ETAko kide direlakoan. Mugaz bi aldeetako hedabideen arabera, Aitzol Iriondo izango litzateke horietako bat, ustez arlo militarreko buruzagia, azaroaren 17an "Txeroki" atxilotu zutenetik haren lekua hartu omen duena. Michele Alliot-Marie Frantziako Barne ministroak berak konfirmatu du Iriondo atxilotu dutela, prentsa ohar labur baten bidez. Baina ez du gainerako bien izenak eman. Espaniako hainbat hedabideen arabera, baina, Eneko Zarrabeitia eta Asier Borrero algortarra lirateke atxilotutako beste bi lagunak. Besteak beste, "El Mundo" eta "El Pais" egunkariek aipatu dute hori. Bitartean, hirugarren atxilotua, Borrero izan beharrean, Aitor Artetxe dela diote medio batzuek. Bera ere Algortakoa da. Argazkian, presoen aldeko protesta eskualdean.