Lau uribekostar egon daitezke atzo atxilotutakoen artean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 9a, 14:01

Aitzol Iriondo eta Eneko Zarrabeitiarekin batera, Aitor Artetxe algortarra atxilotu zuen atzo arratsaldean Gerden Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean egindako polizia operazioan, eta 21:10az geroztik Baionako polizia etxean dauzkate. Gaur esan dutenez, bihar arte, behintzat, bertan edukiko dituzte, gero Parisera eramateko. 23:00ak aldera jakin zen Guardia Zibilak beste hiru lagun ere atxilotu zituela, Irunen (Gipuzkoa), baina gaur Granadan (Espainia) izandako ekitaldian, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak ez du hiru horien izenik eman. Hala ere, EITBk zabaldutakoaren arabera, Algortako Ibai Egurrola eta Amets Ladislao eta Leioako Javier Gutierrez lirateke Irunen atxilotutako hiru lagunak. Gaur 20:00etan mobilizazioa egingo da Algortan atzoko atxiloketak direla eta. Argazkian, "salbuespen egoeraren" aurkako manifestazioa Algortan.

Polizia iturriak aipatuz hainbat hedabidek zabaldu zutenez, "Frantzian atxilotutakoekin egon ostean etxera bueltan zirela" atzeman zituzten Irunen hiru lagunak. Michele Alliot Marie Frantziako Gobernuko Barne ministroak gaur adierazi du azken hiru horiek Gerdeko operaziotik ihes egin zutela. "Gerdeko atxiloketen unean auto batek ihes egin zuela ikusi genuen, eta auto horretan zihoazen gero Irunen atzemandakoak", esan du France Info irrati katean.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:

Frantziar poliziak eta guardia zibilak bart eskuz esku buruturiko polizia operazioaren aurrean ondorengoa adierazi nahi dugu:

Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoak urte gehiegi daramatza konpondu gabe. Baina urte guzti hauetan argi gelditu da gatazka politiko hau ez dela bide polizial eta errezeta errepresiboen bidez konponduko. Konponduko bada elkarrizketatua eta politikoa izango da gatazkaren irtenbidea.

Azken 4 hamarkadetan 35.000 euskal herritar baino gehiago atxilotu dituzte polizia indar ezberdinek gatazka politikoari loturik. Urte honetan bertan 312 euskal herritar izan dira atxilotuak. 762 euskal preso politiko daude espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatuak. Nork ukatu du behar du datu hauen aurrean gatazkaren izaera politikoa?

Benetako kezka adierazi nahi dugu bereziki Irunen atxilotu dituzten euskal herritarrek guardia zibilaren eskuetan jaso dezaketen tratuaz. Guardia zibilak sistematikoki torturatzen ditu euskal herritarrak informazioa eta inkulpazioak lotu eta herritarren artean benetako izua zabaltzeko. Inkomunikazio egoerak inpunitate osoa ematen die torturatzaileei atxilotuak nahi bezala tratatzeko.

Beste behin ere espainiar barne ministroaren gerra propaganda ozen entzuten ari gara komunikabide nagusietan. Aurrez ere agerian gelditu da Rubalcaba gerrazaleak erabili dituen gezur eta manipulazioak noraino iritsi diren. Beraz, euskal herriko komunikabideei zentzuz jokatzeko eskatu nahi diegu, gerrarako ministroaren hitzak egiatzak hartu aurretik.

Azkenik dei egin nahi dugu gaur atxilotu guztien herrietan izango diren mobilizazioetan parte hartzera. Errepresioaren aurrean kalean agertzeko deia luzatzen diogu herritarrei.

Amnistiaren Aldeko Mugimendua (AAM)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun