Esparru ugaritan lan handia egin da, baina euskararen garapena nahi baino mantsoago ari da gertatzen. Egoera horren aurrean, Euskaraz bai esateko momentua dela ikusten dugu. Euskararen alde egotea ez da nahikoa, konpromisoak areagotu egin behar dira eta pauso bat harago joan, hitz bitan, euskara ikasi eta erabili, Euskaraz bai aldarrikatuz.
Hasteko, euskararen berreskurapen-prozesua azkartzea ezinbestekoa da. Ezagutza eta erabilera zabaltzeko aukera berriak sortzen jarraitu behar dugu. Bigarrenik, ezinbestekoa da funtzio sozial ahalik eta gehien euskaraz garatzeko aukera lehenbailehen lortzea. Hirugarrenik, euskara lehentasuneko hizkuntza izatea lortu behar dugu, horrela euskaldunen eta biztanle guztien hizkuntza eskubideak bermaturik izateko. Laugarrenik, hori guztia burutzeko lan politiko-instituzionala eta lan soziala bideratu behar dira, biak ere norabide berean. Erakunde instituzionalek, eragile politikoek, ekonomikoek eta sozialek, norbanakoek eta euskalgintzak norabide berean lan egitea ezinbestekoa da, guztion arteko lankidetzak soilik ziurta baitezake euskararen geroa eta Euskal Herri euskalduna.
Asko egin dugu, baina asko dago egiteko. Euskararen berreskurapen prozesua azkartu eta normalizazio osoa lortzeko urrats sendoak egin behar ditugu, pauso bat harago joan. Hori dela eta, ekitaldi ikusgarria burutzea espero dugu abenduaren 13an, Barakaldoko BECen. Euskaltzale guztiak zaudete gonbidatuta, hainbat esparrutan milaka herritarrek eta entitatek egindako lana aitortu eta bultzada berri baten beharra azpimarratzeko.
Euskararen normalizazioan aurrera egin behar dela uste dugunontzat hitzordu garrantzitsua izango da, huts egin ezineko topaketa. Bertan, euskalgintzaren bilgune den Kontseiluak hamar urtetan egin duenaren errepasoa egin eta etorkizuneko lanaren oinarriak aurkeztuko ditugu. Euskarak bultzada berria behar duelako, pauso bat harago joan behar dugulako, Euskaraz bai esateko ordua iritsi delako, abenduaren 13an, denok BECera!