Udal batzarretan ezker abertzaleari hitza kentzea eskatu du berriro Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 9a, 16:29

ETAren azken atentatuaren aitzakian, Ezker Abertzaleak alkatetza daukan udaletan zentzura mozioa aurkeztearen inguruko eztabaida berpiztu dute hainbat alderdi politikok. Bada, Getxo udalerrian, irailaren 26ko osoko bilkuran onartutako mozioa betetzea eskatu dio Imanol Landa alkate jelkideari PPk. "Udal batzarrean legez kanpo jarritako alderdien ordezkariei parte hartzea galaraztea" eskatu zuten orduan popularrek, zaku berean galde-eske txanda sartuz. Eta, hori onesteko, PSE-EEko zinegotziak eduki zituzten bidelagun. EAJk eta Ezker Batuak, ordea, kontra bozkatu zuten. Oraingoan ere galde-eske txandan ezker abertzaleko ordezkariei hitza kentzea eskatu dio Landa alkateari Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak, "ETAren indarkeria gaitzesten ez duten bitartean behintzat". Eta zinegotzi popularraren hitzetan, "oraindik orain ez dute egin". Argazkian, Marisa Arrue udalbatza aretotik irteten hautetsi independentista hitza hartu bezain laster.

Getxo Bizia herri plataformari aurreko lau urtetan gertatu bezala, orain arte udal batzar amaierako erregu eta galderetako txandan baino ez du parte hartzerik izan ezker abertzaleak; 2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeetarako Getxoko EAEko zerrenda legez kanpo utzi zutenetik. Jokabide hori, baina, "iruzurtzat" jotzen du Marisa Arrue tokiko popularren bozeramaileak, "herritarrentzako eskubide bat dena, beste osoko bilkura bailitzan, euren hizketaldia egiteko erabiltzen dutelako ezker abertzaleko buruzagi ezagunek". Bitartean, tokiko ezker abertzaleak udal batzar guztietan salatu du "apartheid egoera"; "3.247 getxoztarren botoek emandako bi eserlekuak" eman eta, gainontzeko alderdiei bezala, eguneko gaiak eztabaidatzen utzi diezaietela eskatuz.

Getxoko Alderdi Popularraren arabera, baina, "udalerriko arazoak konpontzeko asmoz, herritarrek erregu edo galderak egiteko dira txanda horiek; eta ez ezker abertzalearen aldeko hitz beroak botatzeko". "Udalbatzari eta aretoan diren herritarrei errespetua zor zaiela" argudiatuta kendu nahi dio hitza ezker abertzaleari Arruek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun