UnaI Basurko Algortako Kirol Portura atzera dator Vendee Globe bertan behera utzi ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 9a, 15:22

Unai Basurko Portugaleteko marinela eta Pakea Bizkaia belaontziaren patroiak agur esan dio bakarkako munduko bira den Vendee Globe lasterketari. Basurkok atzerako bidea hartu du eta branka Getxo udalerrirantz, Algortako Kirol Porturantz jarri du. Izan ere, bertatik atera zen pasa den urriaren 16an. Azkeneko egunotan ontziko gidatze-sisteman jasandako matxura larriak, patroi portugaletetarraren ametsarekin bukatu du; Vendee Globe, munduari bira belaz bakarka, eskalarik eta kanpoko laguntzarik gabe, "estropada bukatzen duen bigarren espainiarra izatearen ametsa", Pakea Bizkaia taldearen prentsa bulegoak zabaldu duenez. Egun batzutan zehar denborale batean sarturik egon ondoren eta ontziko istriborreko leman matxura garrantzitsuak zituela, Basurkok ur lasaiagotara iristea eta Pakea Bizkaia sakonago aztertzea lortu du. Azterketa honen ondoren jakinarazi zion estropadako antolakuntzari bertan behera utzi behar zuela. Argazkian, Unai Basurko Velux 5 Oceans txapelketan lortutako hirugarren postua ospatzen, 2007ko maiatzaren 5ean, Getxoko Kirol Portuan / Iker Merodio.

Unai Basurkoren komunikatua, pasa den igandean Pakea Bizkaitik idatzita:

Santa Helena antizikloiko barealdira iritsi ondoren, lau egun denborale batean sarturik egon ondoren eta jasandako matxurak eta konponketa bertan egitearen posibilitatea aztertu ondoren, Hego Ozeanoan gelditzen zaizkidan 12.000 milia baino gehiagori aurre egin ahal izateko behar den konponketa ezingo dudala egin komunikatzen dut, haize eta itsaso zorrotzekin, ontziaren eta nire osotasuna arriskuan jarri gabe eta gainera beste patroiak konprometitzearen posibilitatearekin, beraien erronka ere kaltetuz.

Horregatik, nire talde teknikoaren iritziekin batera, eta gure babesleen babesarekin batera, Vendee Globe lehiaketa bertan behera uztea eta Ipar Hemisferiorantz bideratzea erabaki dut, Getxora (Bizkaia), beti ere haize, itsaso eta Pakea Bizkaiaren kondizioak onak badira.

Pakea Bizkaiarekin mundu osotik jasotako berme eta solidaritate mezu guztiak eskertu nahi ditut, egoera hau hobeto pasatzea lagundu baitidate.

Haize eta zorte hoberenak opa dizkiet estropadan jarraitzen duten nire lehiakideei, eta ni bezala bertan jarraitu ezin izan dutenei besarkada handi bat bidali eta hoberena opa nahi diet hurrengo egunetarako.

Azkenik, Vende eskualdea eta antolakuntza osoa eskertu eta zoriondu nahi ditut, estropada osoan zehar egin duten lanarengatik, pasio eta maitasun guztiarengatik, beti ere Denis Horeau buru dutela.

À bientôt! (Laster arte!)

Unai Basurko, Pakea Bizkaia
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun