“Fotorretro Getxo 2008” argazki erakusketa abiatuko da gaur, asteartea, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan. "Fotorretro"n, 300 bat argazki egongo dira ikusgai, San Nikolas Liburutegiko bildumatik hartuak. Erakusketa herri horretan izango da abenduaren 14ra arte. Hurrengo egunetik aurrera eta urtarrilaren 9ra arte, berriz, Areetako Xake plaza eramango du Getxoko Kultur Etxeak. Hain zuzen ere, erakunde horretako arduradunek zabaldu dutenez, "erakusketan bisitariak Getxo eta getxotarrak aro ezberdinetan ezagutuko ditu: XX. mendeko lehen urteetatik egunera arte". Bertan, Getxoko argazkien artxiboan partikularrek eginiko ekarpenak eta dohaintzak daude. Nahi duenak San Nikolas Plazako liburutegian eman ditzake argazkiak. Bertan, kopia digitalizatua egingo dugu eta originala itzuliko dizugu. Argazki-artxiboa, sortu zenetik, apurka-apurka hazi da. Gaur egun milaka argazkiak dauzka. Getxotarren laguntza ezinbestekoa da erakusketako argazkietan ageri diren pertsonak eta lekuak identifikatzeko. Horretarako, erakusketan koaderno bat jarriko dugu. Bertan, jendeak informazioa eman dezake, datak zehaztu, pertsonak identifikatu, eta abar. Argazkian, andra batzuk erakusketa ikusten pasa den irailean Algortako Telletxe kalean.