Arrain hiruarantza babesteko neurriak hartuko ditu Aldundiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 9a, 18:31

Bizkaiko Foru Aldundiak arrain hiruarantza babesteko kudeaketa plana onartu du gaurko gobernu batzarrean. Mehatxatutako espezieen Euskal Katalogoan “kaltebera” gisa agertzen da aipatu espeziea. Hartara, horren gaineko mehatxu ugariak desagerrarazteko hartu beharreko neurriak adostu dituzte talde ekologista eta unibertsitate mailako adituekin. Foru iturrien arabera, kudeaketa plana idazten "era aktiboan" parte hartu dute aipatu eragileek. Horrenbestez, babes eremu bezala, arrain hiruarantza bizi den interes bereziko guneetatik hasi eta, ibaietan gora joanez, hamar kilometroko tartea hartu dute. Barakaldoko Galindo errekan ez ezik, Uribe Kosta eta Erandioko Asua, Gobela eta Udondo ibaietan bizi da arrain hiruarantza; Bolue eta Astrabuduako hezeguneak barne. Arrain hiruarantza babesteko kudeaketa planaren helburua espeziearen gaineko mehatxuak desagerraraztea da, beren populazioen berreskuratze, artapen eta erabilera egokia sustatuz; baita Bizkaiko Lurralde Historikoan beren habitaten babesa, mantentzea eta hobekuntza ere, Aldunditik adierazi dutenez. Argazkian, arrain hiruarantza.

Habitataren inguruan hartuko diren neurrien artean, arrain hiruarantzaren interes bereziko guneetako uren kalitatea kontrolpean eduki eta hobetuko dute. Bestalde, hezeguneen lehorketa eta arrain hiruarantzaren ugalketa garaian zehar (apirila eta abuztua bitartean), interes guneetan ur gora kokatutako urtegien hondoko purgak saihestuko dira. Horrez gain, aipatu espeziea dagoen tokietan ubideen aldakuntza fisikoak egitea saihestuko da: esaterako, bideratzeak, zuzentzeak, defentsa zurrunak eraikitzea…

Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek aurre arretazko lana egiteko beharra ere ikusi dute arrain hiruarantzaren populazioari negatiboki eragiten dioten espezieak sartzeari dagokionez. Inplikatutako administrazioei emango zaie planaren edukien berri; bereziki Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Ingurumen eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioaren Kostaldeen Zuzendaritza, Kantauri Itsasoko Konfederakunde Hidrografikoa eta espeziearen banaketa aldeetako Udalei. Espezieari, honen habitatari eta babesteko eta kudeatzeko beharrezko neurriei buruz, herritarren sentsibilizazioa lortzeko kanpainak egitea ere aurreikusi da.

Debekuak

Bizkaiko Lurralde Historikoan honako debekuak ezarriko dituzte, arrain hiruarantzari dagokionez: batetik, berauek, beren kimu eta arrautzak barne, hil, jarraitu eta gogait eragiteko asmoz egindako baimendu gabeko edozein jarduera; baita beren habitata, eta bereziki beren ugalketa tokiak, suntsitzea. Bestalde, bizirik dauden edo hildako aleak eduki, naturalizatu, garraiatu, saldu, erakutsi, inportatu edo esportatzea galaraziko dute, beren beregi baimentzen den kasuetan salbu. Azkenik, arrain hiruarantzaren habitatean beren populazioei negatiboki eragin diezaieketen beste animalia espezie batzuk sartzea debekatuko dute.

Arantzatsuaren interes bereziko guneetan espezieak erabilitako habitata aldatzea eragiten duen edozein jarduerak, Nekazaritza Sailaren aurretiazko baimena beharko du. Halaber, nabarmen daitekeen ondoredun edozein plan edo egitasmo Nekazaritza Sailaren aginduzko txostenaren eraginpean egongo da, eta arau-hausteak ekainaren 30eko Euskal Herriko Naturaren Artapenari buruzko 16/1994 Legean, ekainaren 30ekoa, xedatutakoaren arabera zehatuko dira.

Arrain hiruarantza

Tamaina txikiko espezie iktikoa da, eta helduak ez dira 50 milimetrora iristen, laginketetan bildutako zenbait alek 70 milimetrotik gora neurtzen badute ere. Ez dute ezkatarik, azaleko plakak baizik. Burua eta aurpegia luzangak dira eta isats alde oso estua dute. Bi bizkar-hegats dituzte: lehenengoa hiru hezur askeez eta bigarrena mintzezko erradioez osatua. Espeziearen banaketa zabala da: Atlantikoan Eskandinaviatik Iberiar Penintsulara bitartekoa, britainiar Irlak eta Baltikoko herrialdeak barne; baita Mediterraneo arroa eta Itsaso Beltza ere. Iberiar Penintsulan kantabriar isurialdeko eta Galizia, Portugal eta Andaluziako arro atlantikoetako puntu jakin batzuetan agertzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoan egun populazio gune bi daude, bata Bizkaian eta bestea Gipuzkoan. Bizkaian, arrain hiruarantzak ibaien beheko aldeetan bizi dira beti, itsasaldiaren eragin puntutik gertu betiere. Ibaietako tarte motelak hartzen dituzte, baita urtegi edo urmael edo hezegune txikiak ere, sarritan arroan urperatutako landaretza egotearekin lotuta. Hainbat egilek neguan zehar gune sakonagoetan egoten direla eta hondoan ezkutaturik bizi direla adierazi dute. Horietan ugalketa udaberritik udara bitartean izaten da. Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek egindako laginketetan, uztailean Bizkaiko ibaietan arrak kolore gorrizka deigarriak izaten dituzte sabel aldean. Ugalketa prozesua, oso ikertua eta bere etologiari buruz lan ugaritarako aukera eman duena, Bizkaiko ibaietan bizi diren arrain espezietan bakarra da. Arrak txoko bat egiten du, habia gisara ibai hondoaren sakonune txiki batean jartzen duena.

Arrak emea habiara erakartzen du akrobazia jolasen bidez. Emea habian sartu ondoren (zenbaitetan ia halabeharrez), 100-150 arrautza inguru jartzen ditu, arrak berehala emankor bihurtzen dituelarik. Ar bakar batek hainbat eme erakar ditzake elkarren segidan. Emeak arrautzak habian jartzen dituen unetik, arra bereziki bera zaindu eta arrautzak eta kimuak defendatzeaz arduratzen da; beren kasa molda daitezkeenean kimuek egun batzuk bete eta aitaren babesa uzten duten arte. Galindo ibaian egindako laginketek banakoen dentsitatea metro koadroko 77 eta 706 bitartekoa dela erakusten dute. Gobelan honako gizabanakoen dentsitatea adierazi da: 2 eta 465 bitartean, metro koadroko. Asua ibaian, aurkitutako gizabanakoen dentsitatea 1 eta 6 bitartekoa da metro koadroko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun