Inkomunikazio egoeran jarraituko dute Amets Ladislao, Ibai Egurrola "Egus" eta Javi Gutierrez "Guti". Uribe Kostako AAMk jakinarazi duenez, "Guardia Zibilak eskatu" eta Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Instrukzio Epaitegiko magistratuak "luzatu egin du Amets, Ibai eta Gutiren inkomunikazio aldia. Printzipioz atxilotuek 3 egun egin beharko lukete inkomunikatuta, baina beste egun bi luzatu ahal dute. Horretara, larunbatean pasako dira epailearen aurrean. Bitartean inkomunikatuta jarraituko dute". Era berean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu du Pedrazek "tortura ekiditeko protokoloa aplikatzea ontzat eman" duela. Horren arabera, atxilotuekiko hainbat neurri hartu beharko lituzke Guardia Zibilak: atxilotuak uneoro bideo-kameraz grabatzea, konfiantzako medikuaren bisitak onartzea eta senideei atxilotuak non eta zelan dauden jakinaraztea. Gutxienez, azken neurri hori bete egin du erakunde armatuak eta gaur konfiantzako medikua atxilotuekin egon ahal izango dela "espero" du AAMk. Dena den, errepresioaren aurkako mugimenduak "tortura ezinezkoa egiten duen egoera bakarra inkomunikazio egoera ezabatzea dela" gogoratu du. Era berean, arratsaldeko 8etan Leioako Boulevardean eta Algortako Telletxen egingo diren mobilizazioetara joatera deitu du. Irudian, mobilizazioen kartela.