"El Mundo" egunkariaren arabera, eta beti Guardia Zibilak emandako ustezko datuak erabiliz, Irunen atxilotutakoak ETA "erakunde terroristaren kide 'legalak', fitxatu gabekoak, dira", nahiz eta ondoren "ustezko" kideak liratekeela argitzen du Madrilgo egunkariak. Era berean, aurrekaririk ez dutela aipatu eta Egurrola Eusko Abertzale Ekintzak Getxon aurkeztu zuen udal hauteskundeetako zerrendan ageri zela azpimarratu du, 23. lekuan bazihoan ere. Iturri beretik aipatu dute "atxiloketa gehiago izatea ez dela baztertzen".
Bestalde, Michele Alliot-Marie Frantziako Barne ministroak bat etorri da Madrilek emandako bertsioarekin, eta Aitor Artetxe, Aitzol Iriondo eta Eneko Zarrabeitia Gerde herriko plazan atxilotzean "auto batek ihes egin zuela baieztatu genuen eta auto horrek, Espainian geldiarazi zutena, atxiloketak ahalbidetu zituen" Irunen, esan du.
Bertsio ofizialarekin jarraituz, hiru atxilotuek ustezko Bizkaia Komandoaren aurkako operaziotik ihes egin ei zuen Aitor Artetxe bere laguna mugaren bestaldera eraman zuten Iriondo eta Zarrabeitiarekin zeukan hitzordura hurbiltzeko. Hitzordu hori baliatu behar omen zuen Artetxek Frantzian klandestinitatera sartzeko. Horren arabera, Artetxe Bizkaian egon zen ezkutuan azken sei hilabetetan eta Guardia Zibilak dagoeneko Irunen atxilotutakoen baten bati leporatu dio Artetxe etxean gorde izana, baina oraindik ez du zehaztu nori. Era berean, ez dute aipatu Artetxe non egon den eta "ikertzen" ari direla azaldu dute hainbat komunikabideri egindako filtrazioen bidez. Bitartean, hiru atxilotuak ETAren buruzagitzarekin komunikazioan jarri eta muga igarotzeko txangoa antolatu zutela aipatzen du bertsio ofizialak.