Aitor Artetxe, Aitzol Iriondo eta Eneko Zarrabeitia, astelehenean Akitaniako Gerde herrian atxilotutakoak, dagoneko Parisen daude. Albiste-agentziek zabaldu dutenez, Parisko aldirietan dagoen Terrorismoaren Aurkako Zuzendariordetzan daude preso ETAko kideak direlakoan atxilotutakoak. Hirurak bi egun eman dituzte Baionako komisarian, Frantziako Poliziak gaur goizeko 10:30ak aldera bertatik atera eta Miarritzeko aireportura eraman dutenera arte. Bertan, poliziek Artetxe algortarra eta besteak hegazkin batean sartu dituzte, buruak estaltzen zizkieten bitartean. Miarritzeko aireportuan zein Baionako komisariaren kanpoaldean senide eta lagunen oihuak entzun ahal izan dituzte. Parisko aireportutik SDATerako bidea bi auto eta polizia furgoi batean egin dute, segurtasun neurri handien artean. SDATen galdeketekin jarraituko dute, horretarako ostirala epemuga dela. Izan ere, egun horretan Parisko Fiskaltzara eraman behar izango dituzte, Poliziaren eskuetan eta epaileen aurretik pasatu gabe egon daitekeen epea, lau egunekoa, amaituko baita. Argazkian, Aitor Artetxe eta beste atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko atzo Algortan egindako manifestazioa.