"Topaketek lankidetza arloan burututako lana eta diru-laguntzak jasotzen dituzten herrialdeen errealitateak hurbiletik ezagutzeko aukera eskaintzen dute", tokiko iturrien arabera. Bestalde, "herrialdeen artean ematen diren desberdintasunen inguruan sentsibilizatu eta getxoztarren elkartasunarekiko konpromisoa sustatu nahi dute”, Imanol Landak alkateak aurkezpenean azaldu zuenez. Gainera, oraingoan, antolatutako ekitaldi batzuek “generoaren rolek, Getxon zein Hegoaldeko herrialdeetan, gizonen eta emakumeen garapenean duten garrantzia nabarmendu nahi dute”, Begoña Ezkurra Garapeneko Lankidetza zinegotzia zehaztutakoaren arabera.
Egitaraua
“Getxotik Mundura, Mundutik Getxora” topaketen egitarauak berritasun ugari ditu aurten. Horien artean, lehenengo egunean (abenduak 12, ostirala), udalerriko 10 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 6. mailan dabiltzan 500 ikaslek -Zabalketa GKEri subentzionatutako egitasmoan parte hartu zutenek- egindako lana emango dute ezagutzera. Afrikako eta Getxoko egoeren arteko kanporaketa du oinarri lan horrek, batez ere uraren erabilerari dagokionez. Horretarako, kultur ekitaldi batzuk, poesia errezitaldia, abestiak, ipuinak... eskainiko dituzte. Arratsaldean, bidezko merkataritzari buruzko ekimen batzuk izango dira.
Larunbatean, hilaren 13an, Sahara Eguna ospatuko da eta, arratsaldez, "irribarre maratoia" egingo dute, errealitatea anitza dela erakusteko helburuarekin, hau da, kanpoko desberdintasunak agerian badaude ere, amankomunezko kezkak eta nahiak ditugula adierazteko. Parte hartzen dutenei Polaroid argazki kamera utziko diete argazkiak atera eta, ondoren, horiekin horma irudia osatzeko.
Azkenik, igandean eta gobernuz kanpoko erakundeen azokarekin batera, Oihulari taldeak animazio ikuskizuna eta ipuin kontalari saioa eskainiko ditu. Gainera, aurten, karpapean lau jarduera iraunkor izango dira hiru egunetan. Lehenengoz, udal diru-laguntza jaso duten proiektuen inguruko proiekzioa izango da. Bigarrenez, “Jar zaitez haien lekuan” ekimenean Udalak subentzionatutako egitasmoen emaitzak nolakoak diren kontatuko dituzte hegoaldeko herrialdeetako bizilagunek. Azkenik, “Antzeko ezberdintasunen testa” delakoak genero arloak Iparraldearen eta Hegoaldearen artean ematen diren desberdintasunak erakutsiko ditu. Azkenik “Ezberdintasunen tunela”-k gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasunak utziko ditu agerian. Ekimena Hegoafrikako Johannesburgoko museoan dagoen jardueran dago oinarrituta.
Argazki erakusketa
Aldi berean, Gervasio Sanchezen “Vidas Minadas” argazki erakusketa datorren abenduaren 12ra arte ikusi ahal izango da Itzubaltzeta / Romoko kultur aretoan. Ordutegia 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 21:00etara izango da. Getxoko Udaletik azaldu dutenez, 40 argazkik osatzen dute erakusketa eta bost lagunen istorioak kontatzen ditu. Egilearen arabera, "Vidas minadas" erakusketa hedabideen mugak, moda teknikoak, eskematismoa eta sentsazionalismoa gainditzeko jaio zen. Sanchezen hitzetan, "1997an lehenengo partea amaitu nuenean nire nekea sentitu nuen eta istorioen jarraipena osatzen ezin izango nintzela berriro inplikatu pentsatu nuen. Baina, gaur egun, hamar urte geroago, ziur nago proiektuak ez duela amaierairk. 'Vidas Minadas' izango da 15, 20, 25 eta zergatik ez, 50 urte igaro ondoren".
Gervasio Sanchez kazetaria da eta aurten Ortega Gasset saria irabazi du, Kazetaritzako Argazkigintza modalitatean. Bere lanak "El Heraldo de Aragon" eta "La Vanguardia" egunkarietan agertzen dira eta SER irratiarekin eta BBCrekin kolaboratzen du. Argazkien liburu batzuten egilea ere bada, horien artean "El cerco de Sarajevo", "Kosovo, cronica de la deportacion" edo "Niños de la guerra", eta 1998az geroztik UNESCOren bake-ordezkaria da.