Abenduaren 18an ospatuko den Etorkinen Nazioarteko Eguna dela-eta, Getxoko Udaleko Kultura aniztasun eta Immigrazio Zerbitzuak eta udalerriko hainbat elkartek “Kultur Artean” goiburupeko III. Sentsibilizazio Jardunaldiak antolatu dituzte, lehen aipatu egunetik hilaren 20ra bitartean. Horrenbestez, gaur zortzi, “Nola ikusten dugu immigrazioa?” izenburuko azterketaren emaitzak aurkeztuko ditu Xabier Aierdi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren zuzendariak. Saioa 19:30etik aurrera izango da, Algortako Torrene kaleko erakustaretoan. Haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da. Ostiralean, abenduak 19, A la luz de las Velas kolektiboak munduko ipuinei buruzko saioa eskainiko du haurrentzat, Algortako kultur aretoan, Villamonten, 19:00etan hasita. Eta azkenik, larunbaterako, hilaren 20rako, ekimen berritzailea antolatu dute, Torrenen ere izango dena. "Bizipenak" izenburupean, kafe tertulia egingo dute, "parte hartzaileen esperientzien bitartez bizitzen ari garen errealitatera hurbiltzeko" asmoz, azaldu dutenez. Horretarako, aurretik izena eman beharko da 944 660 130 telefono zenbakira deituz. Bestalde, abenduaren 21era arte, erakusketa gela horretan bertan egongo da ikusgai Giza Art erakusketa. Horretaz gain, xenofobiaren eta intolerantziaren kontrako txartelen lehiaketa antolatu dute. Argazkian, emakume etorkin bat Algortako San Nikolas plazara bidean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!