Maribel Prieto ere atxilotu dute Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 10a, 22:50

Gaurkoan ere ehunaka lagunek salatu dituzte, Algorta eta Leioako kaleetan, Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak egindako atxiloketak. Hain zuzen ere, Telletxe plazatik abiatu diren 265 bat herritarretatik gehienek bertan izan dute polizia operazioak emandako azkenen berri. Mari Mertxe Alcocer andra algortarra Itzubaltzeta / Romon atxilotu dute 19:00ak inguruan. Ordu bete beranduago, 19:45ak aldera, Amets Ladislaoren pisukide 34 urteko Maribel Prieto atzeman dute, Berangoko bere etxean bertan. Biei Aitor Artetxe izkutatu izana leporatzen diete, Vocentoko hedabideen arabera. Bestalde, manifestazioa bukatu eta berehala jakinarazi du AAMk, etxekoek deitu ostean, Alcocer Madrilera daramatela eta tortura ekiditeko protokoloa aplikatuko diotela. Horretaz gain, beste bi lagun atxilotzeko agindua eman dute: Andoni Elkano eta Oihane Lekanda, hurrenez hurren. Bitartean, Leioako Boulevardetik abiatuta, 200 bat lagunek salatu dituzte atxiloketak. Bihar ere eta, atxilotuen inkomunikazio egoera amaitu bitartean, 20:00etan izango dira mobilizazioak Algortan eta Leioan. Argazkian, Algortako manifestazioa.

Astelehenean izandako atxiloketei beste bi uribekostarrenak gehitu zaizkie gaurkoan. Ordu bete inguruko tartean atzeman ditu arratsaldean Guardia Zibilak Maribel Prieto eta Mari Mertxe Alcocer. Lehenengoari "prezintoa" altxatzera joan behar zela esanez hots egin dio poliziak eta Berangoko bere etxean agertu denean harrapatu dute, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. Bigarrena, berriz, presoen senideei emateko dirua zeraman aldean harrapatu dutenean, errepresioaren aurkako erakundearen arabera. Hartara, dagoeneko bost dira azken egunotan atxilotutako Uribe Kostako lagunak. Prieto eta Alcocer bera, eta Amets Ladislao, Ibai Egurrola "Egus", Javi Gutierrez "Guti" eta Aitor Artetxe. Azken hori, Aitzol Iriondo eta Eneko Zarrabeitiarekin batera atzeman zuen Frantziako Poliziak. Horrela, "gauzak jartzen ari diren moduan", mobilizazioetan parte hartzera eta atxilotuen senide eta hurbilekoei babesa ematera deitu du AAMk.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun