Xabi Paya: "Mikel Laboari eskutitza"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 11a, 12:49

Aupa Laboa, zer moduz zaude? Ni, ez nahi bezain ederto, zure CDak entzuten hasi eta harritu naiz seko: "Txoria txori" kantua jarri eta a zer ezusteko! Txori-saldo bat leihoratu zait erlaitzean pausatzeko eta guztiak prest egon dira hego gabe gelditzeko. Esango duzu: nor da tipo hau? Zer nahi du nik esatea? Lasai ez baitut espero kartak erantzunik izatea. Soilik nahi nuen hitz hauen bidez zuri gogoraraztea, oraindik ere hemen ez dela zilegi ihes betea, baina bakea lor dezazula, nonbait balego bakea. Aizu, "Izarren hautsa" ez al da bizitzaren melodrama? Gazteon esku utzi nahi duzu geroa sortzeko lana, baina ez dakit beteko dugun zure kantuen esana: dirua lotu behar baitzuten irits ez zedin gugana eta uste dut dirua dela gu geu lotuta gauzkana. Argazkian, Unai Iturriaga eta Xabi Paya, pentsakor, Itzubaltzeta / Romoko finalaurrekoan.

Poesiaren min izaten da herrira heldu ezina, baina zeuk kantu egin zenuen olerkien hitz samina. Euskal poetek, zor dizutenez hain fabore atsegina, goiko zeruan gordeko dute luzaro zeure arima, nahiz han ez duten estimatuko beheko zeruan adina. Zuri eskerrak mapagoa da Euskal Herriaren mapa, herri kantuak berreskuratzen maisua izan zara ta, baina gerora zer egingo dut sumatzean zure falta? Sinetsi nahi dut joan zarela testamentua lagata: “Mende oso bat iraganen dut zure ondoan koblaka”.

Dena den, lasai, nolabait badut, nahiz ez mintzatu elkarri, zure hortzetan amatatu den azken antsiaren berri; baina ez eskatu bihurtu dadin beste batenetan irri:

begiak malkoz mintzatzen dira,
oroitu zaitzagun sarri,
eta tristura izan dadila,
lehen irri horren ongarri.

Doinua: “Amodioa gauza tristea”.

Xabi Payak "Argia" aldizkariko 2163. zenbakian argitaratutako idatzia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun