Sopelako Udalak antolatutako Olentzeroren posta txartelen lehiaketak arrakasta handia izan du, tokiko iturrien arabera. Orotara 8 eta 12 urte bitarteko 110 haurrek parte hartu dute, 46 mutilek eta 64 neskek, hurrenez hurren. Gehienak sopeloztarrak dira, baina Urduliz, Plentzia, Barrika, Getxo, Gorliz, Lemoiz, Berango, Erandio edota Leioatik ere izan da parte hartzailerik. Gauzak horrela, Olentzero batzordeak "lan oso zaila" izan du irabazlea aukeratzeko, "posta txartelen aniztasuna, kalitatea eta berezitasunak direla-eta", udal arduradunek nabarmendu dutenez. Hiru finalista aukeratu dira. Horien artean, Ane Saitua Esesumaga, 12 urteko sopeloztarra izan da 2008ko posta txartelen lehiaketako irabazlea. Bigarren postua 9 urteko Ane Garcia Elorriega barrikoztarrak eskuratu du. Azkenik, 8 urteko Garazi Eleizalde Urrutia, Sopelakoa hori ere, izan da hirugarren. Aurkeztutako postal guztiak udaletxeko sotoan egongo dira ikusgai, abenduaren 15etik 31ra bitartean. Sari banaketa, berriz, abenduaren 24ean egingo da, Olentzerori harrera egin ostean, udaletxeko plazan. Argazkian, irabazleak euren marrazkiekin eskuetan.