Sopelako Mikelats herriko tabernak antolatuta, gaur, osteguna, arratsaldeko 20:30ean tabernan bertan egitekoa zen bertso saioa bertan behera gelditu da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azken atxiloketen aurkako Algortako mobilizaziora joaten erraztea izan dute xede aipatu neurri hori hartu dutenean. Dena den, ez dute argitu saioa beste egunen batean egingo den ala ez. Ekimena Mikelats elkarteak antolatutako kultur ostegunen karietara zetorren eta beratn Fredi Paya, Arrate Illaro eta Josu Landeta eskualdeko bertsolariak abestekoak ziren, presoen aldeko bertso-saio horretan. Fredi Payak bere
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bosgarren finalari aurre egingo dio datorren hilaren 20an. Illarok, berriz, Euskal Herriko eskolarteko txapelketa irabazi zuen 2006an eta aurten Ipar Uribeko txapela jantzi du, baita Bizkaiko txapelketan estreinatu ere. Josu Landeta, berriz, eskarmentu handia dauka ALBEn zein Bertsozale elkartean irakasle gisa, eta hobeto moldatzen da taberna eta plaza giroan txapelketetan baino. Fredi Payak gaur Koska irratian azaldu duenez, "guztiok ezagutzen ditugun arrazoiengatik ez dira une hoberenak burua bertsoak egiten jartzeko ezta umorerako ere". Argazkian, Fredi Paya Gernika-Lumoko saioan, Iratxe Ibarrarekin batera.