Igande honetan, baserri giroan murgilduko da Leioako erdigunea, bertan egingo baita Nekazaritza eta Abeltzaintza XXI. Azoka. Guztira nekazaritzako 114 erakustoki izango dira kalean, eta 25 abeltzainek 80 abelburu aurkeztuko dituzte. Berrikuntza modura eta, Bizkaian lehendabiziko aldiz, aurten, Mungialde zein Txorierriko indabak dastatuko ahal izango dira. Goizeko 10:00etan zabalduko dute azoka. Horrekin batera, 11:00etatik 15:00etara, hainbat ekintza izango dira Errekalde plazan txiki zein handien gozamenerako. Besteak beste, trikitilariak, haurrentzako talo eta txalaparta tailerrak, poneyak eta herri kirolen erakustaldia egongo dira bertan. Abereak, berriz, banatuta egongo dira herriko hainbat tokitan zehar. Errekalde plazan zaldiak, ahuntzak eta hegaztiak izango dira; eta Boulevardean, behia eta idiak. Bestetik, produktuen dastatzea, salmenta eta erakusketa hainbat txokotan izango da: Jose Ramon Aketxe plazan, Boulevardean eta Errekalde plazan, hurrenez hurren. Leioa Kirol Zaleak taldeko kide Guillermo Bilbaok adierazi zuen bezala, aurtengo abelburu ikusgarriena 1.300 kilo inguru dituen zezena izango da. Animalia Sopuertako abeltzain batena da eta aurten Zamudioko lehiaketako irabazlea suertatu da. Azkenik, nekazal tresneriaren erakusketa eta produktu ugarien salmenta zein dastatzea izango dira. Horien artean, pateak, txerrikiak, ogia, eztia, ortuariak, landareak, txakolina, sagardoa eta gazta. Argazkian, azoka iragartzeko kartela.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!