EHE: "Euskal Herri euskaldunaren bidean, larunbat honetan BECera"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 11a, 14:09

Aski entzun dugu azken hilabeteotan abenduaren 13ko egunaz. Zita garrantzitsua dugu egun horretan euskaldunok BECen, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Eta eguna geroz eta hurbilago dugula aipatu beharrean gara. Euskal Herrian bertako hizkuntza galbidean dagoela eta bertako berezko hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko erroko aldaketak ematea ezinbestekoa dela askotan azpimarratu du EHEk. Egoera horren alarma gorriaz ohartarazi berri digu Kontseiluak berak ere. Izan ere, euskararen estatus juridikoa ezberdinaren egoera eremuaren arabera sailkatzeak ez du ezer onik ekartzen euskararen suspertzerako. Euskararen lurralde osoan urratzen dira herritarron hizkuntza eskubideak, eta ondorioz euskaldunok ez dugu euskaraz bizitzeko aukerarik: Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberuan euskarak estatus propioa izatetik urruti, ondare gisa onartzen du Parisek, euskararen nondik norakoak bere lurralde propiotik erabaki beharrean Parisetik ebazten direlarik; Nafarroa Garaian, aldiz, euskara hiru eremutan banatzen duen lege suntsitzailea dugu indarrean, "Vascuencearen" legea, non euskaldunon hizkuntza eskubideak etengabe urratuak diren. Eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, sasi ofizialtasun baten magalean, herritarron hizkuntza eskubideak sistematikoki arlo guztietan urratzeaz gain, euskararen berreskurapen eta normalizazioaren bidean elebitasunean oinarritutako politika garatzea dute helburu euskara eta gaztelania maila berean kokatuz.

Argi dago aldaketaren beharra inoiz baino nabarmenagoa dela. Euskara da Euskal Herriko hizkuntza eta beraz, lehentasunezkoa behar du izan zalantza gabe. Euskara behar du izan gure bizitza hizkuntza. Euskarak estatus aldaketa behar du, euskara Euskal Herri osoan ofiziala izendatuko duena. Hori egungo mugak eta markoak gaindituz eta hizkuntza politika egokiak garatuz ehuntzen joango gara. Eta horretarako, euskararen herria berreraikitzeko tresnak gureganatuz joan behar gara.

Euskaltzaleok, beharrezkotzat jotzen dugun aldaketa hori aldarrikatzeko eta babesteko aukera izango dugu abenduaren 13an. Kontseiluak, euskalgintzarekin batera, hamar urtetan zehar euskararen normalizazioaren bidean lan handia egin du esparru guztietan eta berreuskalduntze prozesu honetan handiak izan dira aurrean aurkitutako oztopoak. Horregatik, Kontseiluak ere aldaketa beharrezkotzat jotzen du. Euskaraz Biziko den Herria helburu dugunok, Euskal Herri euskaldunean sinetsi eta horren alde eraikuntza lanetan gabiltzanok, eman beharreko jauzia “Euskaraz Bai” oihukatuz eta landuz lortuko dugulako. EHEk dei egin nahi die herritar guztiei errealitate horrekin bat egin dezaten abenduaren 13an BECeko ekitaldian parte hartuaz.

Euskal Herri euskalduna eraiki!

Euskal Herrian Euskaraz
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun