Abra kirol portuko udal bela eskola berriak urtarrilaren hasierako erdialdean zabalduko ditu ateak, arduradunen hitzetan, kirol jarduera hori “demokratizatu eta jendarteratzeko” helburuarekin. Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) lehenengo udal bela eskola da Algortakoa eta Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) izango du bere ardura. Udal iturrien arabera, "irabazi asmorik gabeko erakundea da EKFB eta bere helburu nagusia kirola sustatzea da". Kirol portuko bela pabilioian antolatuko dituzten ohiko ikastaroez gain, beste jarduera berezi batzuk ere izango dira. Besteak beste, gaztetxoentzako kluba osatuko dute, txapelketak eta ligaxkatxoak antolatzeko. Halaber, Euskal Liga eta belako izarrekin jardunaldi batzuk egitea aurreikusten dute. Udalerriko ikastetxe eta ikastolek ere eskola kirolaren bitartez erabili ahal izango dute. Bela eskolaren eskaintza ezagutzera eman aldera,
Euskal Kirol Federazioen Batasunak herritarrei zuzendutako kanpaina abiatuko du datozen egunetan, etxeetako postontzietan liburuxka informatiboa utziz. Bitartean, abenduaren 1az geroztik zabalik daude Fadura kiroldegiko estalitako tenis pistak, ekainaren 1eko uholdeek eragindako kalteak konpondu ostean. Argazkian, Imanol Landa alkatea arraunean, bela eta arraunketa pabilioiak
inauguratu zituztenean.