Ogi bila joaterakoan ere euskara erabiltzea gura du Getxo Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 11a, 18:38

Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eguneroko erosketak euskaraz egitea sustatzeko ekintza berriak abian jarriko ditu datorren asteotan, Euskara Merkataritzara egitasmoaren barruan. Besteak beste, okindegiei zuzendutako kanpaina antolatu dute. Koldo Iturbe Euskara zinegotziak gaur azaldu duenez, ekimenak "saltzaileengan zein bezeroengan izan nahi du eragina”. Horretarako, okinen esku honako elementu hauek jarriko ditu Udalak: batetik 23 ogi mota ezberdinen izenak euskaraz erakusten dituzten posterrak, txarteltxoak eta eskuorriak egongo dira okindegietan. Bestalde, ogia euskaraz erosten dutenei oihalezko poltsa oparituko diete. Guztira, mila poltsa atera ditu Udalak eta, horiek berrerabilgarriak izanda, ingurumenari ere onura egingo dio ekimenak, Iturberen hitzetan. Urrian, berriz, herritar euskaldunen artean, errekaduak apuntatzeko libretatxoak banatuko dituzte harategi, arrandegi, fruta eta barazki denda eta okindegietan. Argazkian, Koldo Iturbe Euskara zinegotzia ogi poltsa eskuan.

Ekimenak izaera pedagogiko argia ere badu, udal arduradunen arabera. Hori dela eta, lehen aipatu posterrak udalerriko ikastetxeetan, institutuetan eta euskaltegietan ere banatuko dituzte, "ikasleak Getxoko dendek etorkizunean izango dituzten bezeroak izango baitira". “Ikusten denez, ekimen hauekin merkataritza alorrean abiatutako ekintzeei jarraipena eman nahi diegu aurretik, harategietako, arrandegietako, fruta dendetako eta barazkietako posterrak atera genituelako”, zehaztu du Iturbek. Euskara Merkataritzara egitasmoa martxan jarri zenetik, Euskara Zerbitzuak udalerriko 1.161 saltokirekin jarri da harremanetan eta horietatik 680 bisitatu ditu, eskaintzen dituen zerbitzuen berri emateko (errotulua euskaraz ipintzeko laguntza, euskara ikasteko diru laguntzak, doako itzulpen zerbitzua, eta abar), zinegotziak emandako datuen arabera. 2008an guztira mota horretako 442 lan egin ditu Euskara Zerbitzuak.

Euskal Kulturaren Jardunaldiak

Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak balorazio positiboa egin du bukatu berri diren Euskal Kulturaren X. Jardunaldien inguruan. Iturberen hitzetan, antolatutako ekitaldietan guztira 4.788 lagunek parte hartu dute. Ekitaldi jendetsuenak Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoa (1.200 lagun), Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoen emanaldiak ( 2.200 lagun) eta Nazioarteko Trikitixa Jaialdia (330 lagun) izan dira. Bestalde, pizza tailerra bi txandatan egin behar izan zuten eta Izarren Distira Galan -aurtengo nobedadean- 300 bat lagun elkartu ziren. "Horri gehitu behar zaio urritik hona burututako zikloan parte hartu dutenen lagunen kopurua. Izan ere, urritik hona izan diren Iparra Galdu Gabe eta Euskal Kultur Jardunaldietan antolatutako 20tik gorako ekintzatatik eta saiotatik guztira 9.000tik gora lagun pasa dira", Euskara zinegotziak azaldu duenez.

Euskarazko produktuen katalogoa

Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak udalerriko gurasoen esku jarri du Euskarazko Produktuen Katalogo berria, euren seme-alabentzako edo lagunentzako Gabonetako opariak aukeratzerakoan, laguntza eta baliabideak eskaintzeko helburuarekin. Euskara Zerbitzuak 15.000 ale banatu ditu Getxoko 15 liburudendatan, udal egoitzetan eta 16 urtetik beherako gazteen eta umeen etxeetan. Katalogoak urteko berritasunak biltzen ditu eta umeei eta gazteei zuzendutako 317 produkturen berri jasotzen du, horien artean musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Merkatuan daude jada produktu guztiak. Argitalpenak euskara normalizatzeko beste bide bat gehiago izan nahi du. Paperezko edizioaz gain, Interneteko edizioa ere dago www.katalogoa.org helbidean eta horretan argitaletxeetatik jasotako produktu guztien erreferentziak, kasik 400 denetara, agertzen dira.
Getxoko etxebizitzetara bidalitako katalogoarekin batera, Imanol Landa alkatearen eskutitza ere badoa, Gabonetan opariak aukeratzerako orduan euskara kontuan hartzera animatuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun