Txakurren gorotzak jasotzen ez dituztenek 600 eurora arteko isuna izango dute Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 11a, 19:22

Leioako Udalak herriko zonalde berdeak eta komunitarioak zaintzearen aldeko kanpaina zabaldu berri du, bereziki txakurren jabeei zuzenduta. Euren animalien kakak jasotzen ez badituzte, isuna ordaindu behar izango dutela ohartarazi nahi diete, "modu atseginean", tokiko arduradunen arabera. Herrian erroldatuta dauden 1.500 txakurren jabeei jakinaraziko zaie kale zein berde guneetatik abereen gorotzak ez jasotzeak 30,05 eurotik 601,01 euroko zigorra ekar dezakeela. Udal iturrien arabera, leioaztarren arreta bereganatu nahi du kanpainak, horretarako hainbat bide erabiliz: batetik, kaleratutako mila kartel horietan, txakurrak berak zuzentzen zaio bere jabeari, "Ez zaizu zerbait jasotzea ahaztu" bezalako esaldiak erabiliz. Horretaz gain, "lorategien sentimenduak" azaleratzen dituzten 100 bunbuilo jarriko dituzte zelaigunetan, “Irtenbidea zure eskuetan dago” eta horren pareko beste hiru mezu zabalduz. Hala ere, alde "serioagoa" badauka kanpainak, hau da, txakurren kakak ez jasotzearen eraginen berri ematen duena. Horretarako, 8 orrialdeko liburuxka baten 8.000 ale banatuko dituzte. Azkenik, gorotzak batzeko poltsak eroateko hezur moduko 500 tresna jarriko dituzte jabeen eskura. Argazkian, Eneko Arruebarrena alkatea kanpaina aurkezten.

Aste honetan bertan, txakurrak izatekotan bete beharreko arauen berri ematen duen liburuxka jasoko dute etxean Leioako herritar gehienek. Horiek ez betetzeak ekar ditzakeen ondorioak ere agertzen dira argitalpenean. Bestetik, berdeguneak eta lorategiak "bizitu" egingo dira eta "euren sentimenduak kanporatuko dituzte" bunbuiloen bitartez, herritarren artean begi inpaktua sortuz. Horretaz gain, zortzi pertsonetako talde batek zonalde horiek zainduko ditu, txakurren jabeei liburuxkak banatu eta kanpainaren eta isunen berri emateko. Horrela, bere animaliaren kakak jasotzen ez duen herritarrari txartel hori bat emango zaio ohartarazpen modura.

Dena dela, kanpaina hau ez da guztiz berria Leioan. Joan den urtean ere Udalak antzeko ekintza bat jarri zuen martxan helburu berberarekin. Epe laburrean, "oso emaitza onak" eman zituen, tokiko arduradunek diotenez: "berde guneak nabari hobetu ziren eta herritarrak kontzientziatu egin ziren", aipatu dutenez. Hala ere, azaldu dutenez, "denboraren poderioz eragin baikor hori galtzen joan da eta Udalak berriro ere gogora ekartzeko beharra ikusi du, gure kaleak eta zonalde komunitarioak garbi mantentzeko, denon mesederako".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun