"Enplegua, lanpostuak... murrizten ari dira, lan baldintzak kaskartzen ari dira... hartzen ari diren neurriak enpresak eta bankuak babesteko dira. Beti bezala, garai onak edo txarrak izan, etekinak egon ala ez, erreformak eta neurriak beti langileon kalterako". Hori uste du, behintzat,
LAB sindikatuak. Komunikabideen eraginez, "krisia bankeroena edota patronalarena dela" ohartarazi dute langile erakundetik. Hala ere, kaltetuenak langileak direla diote; "besteek sortutako krisiagatik gainera", euren iritziz. LABeko arduradunek azaldu dutenez, "krisi erreala herritarrok sufritzen dugu eta honen aurrean erantzun sindikala eta soziala indartu behar da guztion aldarrikapenak defendatzeko: lana eta aberastasunaren banaketa gehiengo sozialaren interes orokorra bermatzeko". Gauzak horrela, larunbat honetan, abenduak 13, manifestazioa egingo dute Andoainen, "Euren krisia euren kontura! langileok aldaketa" goiburutzat hartuz. Hala ere, aurretik, beste hainbat ekimen egiten ari dira. Besteak beste, bihar, hilak 12, elkarretaratzea izango da Espainiako INEM erakundearen Areetako bulego aurrean, eguerdiko 12etan, Eskumaldeko LABek deituta. Argazkian, LABeko jarraitzaileak Confebasken azaroaren 19ko bilkuraren aurrean.