Gutxienez Algortan, Urgull eta Illeta kalean miaketa bana egiten jarraitzen du, oraindik orain, Guardia Zibilak. Lehenengo horretara, 20:00etako manifestazioa hasi eta ordu erdi eskasera heldu dira poliziak. Eta protestan batutako 320 bat lagunetatik askok horien kontrako oihuak bota dituzte manifestazioa Urgull kale paretik igaro denean. Hala ere, inork ez du asmatu bertan zer egiten dabiltzan esaten. Illetan, berriz, Bidebarri eta Salsidu kaleen arteko zatia moztu du Guardia Zibilak, Marimertxe Alcocerren pisua miatzeko. Andra bertara nola eramaten zuten ikusi dute hainbat lekukok. Azkenik, Berangon, bila dabiltzan Andoni Elkanoren etxera joan dira poliziak. Bitartean, Illeta kalean, dozenaka lagun batu dira, manifestazioaren ostean, Alcocer eta gainontzeko atxilotuei elkartasuna adierazteko. Bihar ere mobilizazioa izango da 20:00etan Telletxen. Argazkian, 450 lagun inguruk egin zuten manifestazioa asteartean Algortan.