Ibai Egurrola eta Amets Ladislao algortarrekin batera, Jabier Gutierrez "Guti" leioaztarra atxilotu zuen astelehen gauean Guardia Zibilak. Leioako Ezker Abertzaleak jakinarazi duenez, horren bi lagun Eneko Arruebarrena alkatearengana joan dira gaur goizean, "bere egoera zein den jakitearren, bitarteko instituzionalak erabiliz informazioa lortzen ahalegindu zedin". Gaineratu dutenez, "bere gustukoak izan edo ez, leioaztar guztion ongizatea bere ardura da". Izan ere, Gutierrez inkomunikatuta jarraitzen du, "horrek dakarren torturatua izateko arriskuarekin", nahiz eta tortura ekiditeko protokoloa aplikatzen ari zaizkion. Udal agintariak, baina, "ezer egiteko prest ez dagoela" esan die eta "bulegotik bota" ditu, salatu dutenez. Hori dela eta, "PSOEk torturatzen duen bitartean", Arruebarrena berari eta EAJ, Ezker Batua eta Aralarren udal gobernuari "horretan laguntzea" egotzi die Leioako Ezker Abertzaleak. Bitartean, 150 lagun inguru batu da gaur iluntzean, Boulevardetik abiatu den manifestazioan. Bihar ere 20:00etarako egin dute deialdia. Eta igandean, Kultur Leioa aurrean elkartuko dira, eguerdiko ordu batetan. Izan ere, egun horretan nekazaritza eta abeltzaintza azoka dago Leioan. Argazkian, Leioako Ezker Abertzalea prentsaurreko bat ematen /
Gaztesarea.