Fredi Paya: "SOS Algorta"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 12a, 12:16

Panikoa arnas liteke gure herriko kaleetan. Madrilen, orain hamar urte kolpe eta mehatxu artean sudurretik odoletan nengoela entzundako berbak profezia bihurtu dira: "En vuestro pueblo hay mucha mala hierba y no sabeís lo que os espera, vascos de mierda". Agian errimatzen zutelako ez ditut sekula berbok ahaztuko. Sei hilean behin sarekada bat dago Algortan. Ezjakin artaburuentzat pijo eta surflarien herria denak botereari min handia egiten dion errealitate borrokalaria islatu du bere historia osoan: Euskal Herriko lehen alkatetza abertzalea, euskal kulturan erreferentea den jendea eman duen euskalgintza indartsua, udalaren eredu neoliberalari aurre egiten dion okupazio mugimendu sano dinamikoa, konpromiso handiak hartzeko prest dagoen jende ugari… espainolismo aristokrata erradikalenaren auzoko. Hamarkada bat pasa da razzien dinamika hau hasi zenetik. Sistemaren bozgorailuen esanak sinetsiz gero, ETAri Algortak beste jende emango baliote Euskal Herriko herri guztiek, ez litzateke erakunde armatua, armada baizik. Argazkia: Koska irratia.

Gazteak, helduak, zaharrak… adin guztietako atxilotuak egon dira aste honetan. Horietako gehienei leporatzen dietena munduko hainbat estatuk garai ezberdinetan egin dutena baino ez da. Hots, pertsona bat torturatzaileen esku (mundu mailako hainbat erakunde prestigiodunek konpartitzen duten arrisku erreala) erortzen ekiditea. Eta tortura saihestu gura izateagatik torturatuak izaten ari dira. Estatu terrorismoak ez baitu inor hil beharrik bizitzarik gabe uzteko.

Animo, Sapo, Mono, Ibai, Amets, Guti (hau leioztarra da, beste herri borrokalari bat), Mari Mertxe, Maribel, Andoni, Oihana(Berango, txikia bezain gogorra)… eta demokraziaren izenean eskubide guztiak ukatzen zaizkizuen borrokalari guztiei.

Eskubide kolektibo eta zibilak guztiz ukaturik, gerra zibil ostetik ezagutzen ez zen errepresio basatiarekin, gure inpotentzia eta mina sekula sentitu gabeko intentsitatea ezagutzen ari dira. Kontuz basurde zaurituekin. Zer gehiago egin liezagukete. Hil? Kartzelan usteltzea baino hobea.

Fredi Payak gaurko "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun