Euzko Gaztedi EAJren gazte taldeak abenduaren 12tik 14ra bitartean egingo du bere V. Bilera Nagusia. Bertan, uri erakundeetako ordezkariek bilkuran aurkeztuko diren hiru txostenen inguruan eztabaidatuko dute: Emantzipazioa, Politika eta Antolakuntza. Hilabetea eman dute uri erakundeek txostenak eztabaidatzen eta zuzenketak aurkezten. Denbora honetan, bereziki aztertu da emantzipazioaren inguruko txostena; eta, horren barruan, hezkuntza, enplegua eta etxebizitza izan dira sakonen jorratutako gaiak. EGIren V. Bilera Nagusian, Juan Jose Ibarretxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakaria ere izango da, larunbat honetan, 11:00etatik aurrera, Plentziako aterpetxean. Amaierako ekitaldian, berriz, Iñigo Urkullu EAJren EBBren lehendakariak hartuko du hitza, igandean, 11:00etan, Bilboko Erreprodukzio Museoan egingo den ekitaldi irekian. Argazkian, EGIkoak ikurrina altxatzen 2006ko Alderdi Egunean / EGI.