Getxoko Udaltzaingoak segurtasun kanpaina berezia abiatuko du Gabonetan, udalerriko dendetan eta horietako bezeroen artean, ahal den neurrian, lapurretak ekiditeko asmoz, tokiko poliziaren buruzagiek aditzera eman dutenez. Kanpaina astelehenetik urtarrilaren 6ra arte egingo da. Ekintza hori, Udaltzaingoaren burua den zinegotzi Kepa Miñambresek nabarmendu duenez, "Getxo Enpresa eta Merkataritza salerosle elkartearekin dagoen etengabeko lankidetzaren harira dator, arazo honen inguruan merkatarien asmo eta beharrak entzun eta gero". Uniformez jantzitakoez gain, beste zortzi udaltzain ibiliko dira kalez jantzita, bi txandatan banatuta, goiz eta arratsaldez, astelehenetik ostiralera arte. Udalerriko merkataritza-gune garrantzitsuenak zainduko dituzte, Algorta, Itzubaltzeta / Romo eta Areeta aldean; lapurrek dendetako materialeak, bezeroen diru zorroak, eta abar ostu ez ditzaten. Azkenik, zerbitzua Ertzaintzarekin koordinatuko dela aipatu dute, "bi erakundeetako poliziek aldi berean leku berdinak zaintzea saihestu aldera", Miñambresen arabera. Argazkian, Getxoko udaltzain bat.