Krisiaren aitzakian "enpresari eta banketxeak aberastea" egotzi die erakunde publikoei LABek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 12a, 18:09

"Euren krisia euren kontura. Langileok aldaketa!" goiburutzat hartuz, 50 bat lagunek egin dute kontzentrazioa, gaur eguerdian, Espainiako INEM erakundearen Areetako bulego aurrean. Bertan elkartuz eta parodia bat antzeztuz, "krisi erreala herritarrok sufritzen dugun bitartean, erakunde publikoek hartzen ari diren neurriak enpresak eta bankuak babesteko baino ez" direla salatu nahi izan du, horrela, LAB sindikatuak. Erakundeko arduradunek azaldu dutenez, "komunikabideen eraginez, badirudi krisia bankeroena edota patronalarena dela, baina agerian utzi behar da langileok garela kaltetuenak besteek sortutako krisiagatik". Horren adibideak ere eman dituzte. Orokorrean, langile etorkinen kaleratze tasa "besteena baino bikoitza" dela aipatu dute LABeko ordezkariek. Bestalde, familien %10 pobrezia egoera oso larrian dagoela diote. Eta hori gutxi izango balitz bezala, oinarrizko produktuak etengabe garestitzen doaz. Bitartean, Euriborrak urteko bataz besteko hipoteka kuota garestitu egin duela gogoratu dute, 768 eurotan hain zuzen. Gauzak horrela, bihar, larunbata, manifestazioa egingo dute Andoainen, 12:00etan, Zumea plazatik abiatuta. Argazkian, gaurko elkarretaratzea / Koska irratia. Argazki gehiago hemen ikus daiteke.

Espainiako INEM erakundearen Areetako bulego aurrean egindako parodiak Juan Jose Ibarretxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakaria eduki du protagonista nagusi. INEMeko langileen ordez, enpresariak eta bankariak izan dituzte aurrean, lana eskatzera joan eta ilaran zeuden langabetuak. Bitartean, Ibarretxe irudikatzen zuen laguna 500 euroko billeteak banatzen aritu zaizkie etengabe bankari eta enpresari "gizajoei", "dirurik ez daukatelako kezkatuta".

Langabetuak, berriz, "alperrontzitzat" jo ditu Ibarretxeren klonak, "aberastasuna sortzen" duten aurrekoek ez bezala, "ezeren truke lan egin nahi ez" dutelako. Enpresariek eta bankariek "bi kaleratze baten prezioan" ere eskaini diete langabetuei. Izan ere, aukeran, "Abiadura Handiko Trenean (AHT), Supersuren edo bizkarzain bezala lan egiteko tokia baino ez" zeukatela aipatu diete. Ilaran egon zitezkeen "EAJren afiliatuentzako", ordea, "herriko udaletxean entxufea" eskaintzerik eduki dute. Bitartean, kexuka zebiltzan langabetuei "polizia deitzearekin" mehatxu egin diete. Enpresari eta bankariek adierazi dutenez, "bizioak baino ez dira", baja laboralak, delegatu sindikala izatea... "Baina, zer uste duzue? Laneko gaixotasunak ez dira existitzen, lanetik kanpo hartzen dituzue guzti horiek", bota diete langabetuei.

Enpresariak, bankariak eta erakunde publikoak

Antzezpen horren bidez, BBVA, Kutxa, Ipar Kutxa, Vitan Kutxa, CAN, Caja Laboral eta enpresariak "diru publikoarekin aberasten" ari direla salatu nahi izan du LAB sindikatuak. Hain zuzen ere, erakunde publikoak egin dituzte horren arduradun: "Milaka kaleratze gertatzen ari diren bitartean, kaleratze horien arduradunei laguntzak ematen zaizkie diru publikoarekin", kritikatu dutenez. Are gehiago, enpresariak, bankariak, Ibarretxe eta Miguel Sanz Nafarroako presidentea "lapurtzat" jo ditu langile abertzaleen erakundeak.

Besteak beste, Koska irratiak zabaldu ditu LABek Areetako elkarretaratzean egindako adierazpenak. Irakurleak hemen ditu entzungai.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun