Astelehenean, Akitaniako Gerde herrian, Frantziako Poliziak atxilotutako Aitor Artetxe algortarra, Aitzol Iriondo eta Eneko Zarrabeitia espetxeratzea eskatu du gaur Parisko terrorismoaren aurkako Fiskaltzak. Hain zuzen ere, gaur hartu diete deklarazioa hirurei. Besteak beste, "gaizkile talde bateko kide" izatea, lapurtutako ondasunak hartzea, armak eta munizioa izatea eta agiri eta automobil-matrikula faltsuak erabiltzea leporatzen diete, Efe albiste agentziaren arabera. Bitartean, Guardia Zibilaren eskuetan dauzkaten atxilotuek inkomunikatuta jarraitzen dute. Amets Ladislao, Ibai Egurrola eta Javier Gutierrez bihar pasako dira epailearen aurrera, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dioenez. "Marimertxe Alcocer eta Maribel Prieto oraindik ez dakigu noiz arte egongo diren inkomunikatuta", gaineratu dute errepresioaren aurkako erakundekoek. Bitartean, Julen Larrinaga, Oihana Lekanda eta Andoni Elkanoren bila jarraitzen du poliziak. Gaur 20:00etan, mobilizazio bana egingo dute Algortako Telletxen eta Leioako Boulevardean. Argazkian, Aitor Artetxe Rodriguez / Etengabe.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!