Sektore politiko batzuk, ordea, menpeko hizkuntz politikak azalez berritu nahi dituzte, mamian ezer alda ez dezan. Horrela, herritarren gogoa, euskararen beharrak, eta Euskal Herri euskalduna baztertu nahi dituzte.
Ezker abertzalearentzat, berriz, nahitaezkoa da hizkuntza politika berria eta gutxieneko oinarri hauek izan behar ditu:
• Euskararen berreskurapen osoa izango du helburu, lurralde guztian eta funtzio denetan.
• Hizkuntz politika nazionala, burujabea eta bakarra izango da, baina malgua eta orokorra.
• Euskara Euskal Herriko hizkuntza nazionala, berezkoa eta lehentasunezkoa dela onartuko du.
• Euskara eta euskal identitate eta kultura bereiztezinak direla onartuko du.
• Euskararen Lege Berriak euskal herritarron hizkuntz eskubide indibidual eta kolektiboak bermatu, eta hizkuntz politikaren gauzapena arautuko ditu.
Helburu horrekin, ezinbestekoa da euskalgintzak urteetan egin duen ahaleginean sakontzea eta eragina biderkatzea. Eta euskalgintzak jauzi kualitatiboa proposatzen du: pauso bat harago ematea Euskaraz bai aldarrikatzeko.
Ezker abertzaleak ere bere erantzukizunari aurre egingo dio. Zailtasunak zailtasun, Euskal Herri euskaldunaren bidean gure konpromisoa eguneratu eta berresten dugu. Horregatik, ezkertiar eta abertzale guztiok datorren larunbatean, BEC-en dugu hitzordua. Kontseilua, eragile eta euskaltzaleekin auzolanean, Euskal Herri euskalduna berreraikitzera goaz.