1998an, HBk bere lekua utzi zion Euskal Herritarrok plataformari eta horrek Batasuna alderdi berriari. 2003an, Espainiako Auzitegi Gorenak hirurak ilegalizatu zituen.
Pasa den apirilean, polizia ezberdinen oldarpenei eutsiz eta saihestuz Durangon eta beste herri batzuetan egin ziren ekitaldietan, ezker abertzalearen iritziz, urte hauetan guztiotan egindako lanari esker, berriro ere Euskal Herria aldaketa politikoaren fasean dago eta oraingoa “sekulako garrantzia” daukan unea da. 1978an legez, “definitzeko garaia” heldu dela uste dute: “edo beste iruzur baten bitartez Konstituzioaren botapean zapalduta jarraitu edo marko barri bat abiatzea non aukera politiko guztiak egingarri diren, independentzia barne”. Ezker abertzaleak mahai gainean proposamen zehatza daukala azaldu zuten: Marko Demokratikoaren proposamena.