Joseba Arregi Hirigintzako zinegotziak momentu honetatik aurrera aurreikusitako epeak azaldu ditu. “Aste honen amaierarako, eraikina guztiz eraitsita eta orubea garbi eta hesituta geldituko dira. Bestalde, abenduko udal batzarrean hondeatzeko lanen lizitazio-prozesua hasteko proposamena aurkeztuko dugu. Obra horien aurrekontua sei milioi euro baino handiagoa denez, Europako Komunitateen Aldizkarian argitaratu beharko da eta, prozesu hori ez bada atzeratzen, espero dugu lanak 2009ko udaberrian hasi ahal izatea”. 2010ean ondorengo lizitazioak egingo dira eraikina eraikitzeko fase ezberdinetarako.
Eraldaketa
Imanol Landa alkateak hurrengo urteetan udalerriak bizi behar duen hirigintza eraldaketa eta birsorkuntza azpimarratu ditu. Legealdi honetan burutu beharreko proiektu handietako batzuk gogorarazi ditu, hala nola, Maidagango trenbide pasagunea lurperatzea, Gobela ibaiaren egokitzapen hidraulikoa, Auzo Etxe berria eraikitzea Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia aldean edo Biscaytik proiektua, Bake Eder finkan kokatuko den zentro teknologikoa eta egun Areetako merkatua dagoen lekuan eraikiko den eraikin berria. Udal agintariak esan duenez, “azkeneko hamarkadetan aurrekaririk gabeko prozesua da, udalerriari aurrerapena ekarriko diona, bai komunikazio, bai kultura azpiegituretan, baita dinamizazio ekonomikoan ere”.