Uholdeen Batzorde Berezia astearte honetan, abenduak 16, bilduko da berriro, Uraren Euskal Agentziak (URA) aipatu batzordeak Gobela errekaren gainean proposatutako premiazko neurrien eraginkortasunaz egindako azterketa teknikoen emaitzak ezagutzeko, udal iturriek jakinarazi dutenez. Horrez gain, Getxoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak, Gobernu Taldea bera eta pasa den ekainaren 1eko uriolek kaltetutako bizilagunen auzo elkarteak bertan direla, azken horiei dirulaguntzak emateko prozesuaren egoera ezagutuko dute bihar. Horrekin batera, URA agentziak Gobela errekaren Egokitze Hidrauliko eta Ingurumen Berreskurapen gaineko Proiektuaren harira, batzordekideek azaldutako jarrera eta proposamenak ere izango dituzte hizpide. Azkenik, batzarrean, saneamendu sarea hobetzeko azterlan eta proiektuen berri emango da. Argazkian, Algortako Zubilleta inguruko auzokideek helarazitako argazkia, Gobelan zikinkeriak oraindik dirauela salatuz. Azaroaren 10ean hartutako irudia da.