Bidegorri batek lotuko ditu Errekagane eta Xake plaza

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 15a, 18:17

Oinezkoentzako pasealekuaren erabateko berriztatzea eta bidegorri bat egokitzea ez ezik, Xake plazarekiko lotura ere ahalbidetuko du Itzubaltzeta / Romoko Errekagane parkeko hirigintza proiektuak. Udal iturrien arabera, gaur egun nahiko egoera txarrean dago denboraren eta drainatze txarraren eraginez. Esan bezala, parkea zaharberritzeko lanak baliatuko dituzte 350 metroko luzera eta 2,75 metroko zabalera izango dituen bidegorri bat egiteko, oinezkoentzako pasealekuaren paretik joan eta Luis Lopez Oses kaletik jarraipena izango duena. Parke eta bidegorriaren albo banatara egun dauden berdeguneak, erreka ertzetik eta metroaren trenbidetik bereizten dituztenak, eta zuhaitzak mantenduko dira. Guztira, 5.700 metro koadroko azaleran egingo dira lanak, Ezekiel Agirre eta Luis Lopez Oses kaleen arteko zatian. Argazkian, Itzubaltzeta / Romoko Errekagane kalea.

Imanol Landa alkateak aipatu duenez, “Gobernu Taldeak Romo auzoan bizitza maila hobetzeko hartu duen konpromisoaren harira" dator egitasmo berria, "eta horren aldeko lehen jarduera Errekagane kalea konpontzeko lanak izan dira, bigarren bat Gobela kiroldegiko garaje partzelak errentan ematea auzotarrei, eta hauek ondo erantzun dute gainera; eta hirugarrena eta azkena oraingo hau, Errekagane parkearen zaharberritzea”. Lanon lizitazio fasea hasita dago honez gero eta, hortaz, datorren urteko udarako amai litezke obrak. Horien aurrekontua 530.000 euro ingurukoa da.

Bestalde, Hirigintza Arloko zinegotzi Joseba Arregik azaldu du, 3,20 metroko zabalera duen pasealekuaren galtzada konpondu eta drainatze sistema berria jartzeaz gain, proiektuak hiri altzariak -eserleku eta zakarrontziak- aldatzea jasotzen duela, zaharrak baitira. Horretaz gain, Ezekiel Agirre kaleko zubia zeharkatuta dagoen parketxoa eta berarekiko lotura berriztatu egingo dira. Bestalde, pasealekuari jarraipena emateko asmoz, kale hori zeharkatzen duen zebra pasabidea zabaldu egingo da, espaloiaren mailara igoz, eta egungo loredun muinoa galtzada harriekin zolatuko da, pasealekua luzatu aldera. Halaber, errekaren ertzerako bidea babesten duen horma txikiagotuko dute, inguruko zebra pasabide guztiak itsuentzako lauza bereziz ipiniko dira, galtzada gaineko seinaleztatzea berriztatuko da eta lur azpian azpiegitura berria ipiniko dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun