Gabonak ate joka ditugu eta
Barrikako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu, herriko txikienei zuzenduta. Horrela, abenduaren 20an, larunbatarekin, Olentzerori buruzko tailerra egingo dute, 11:00etatik 13:00era. Bertan, Gabonetako posta txartelak, Olentzerorentzako gutunak, paperezko eskuargiak eta paperezko kateak egin ahal izango dituzte neska-mutilek. Gainera, ipuinak entzuteko aukera izango dute eta beste hainbat ezuste gehiago, dena musikaren laguntzaz. Bestalde, Barrikako Kultur Etxeak Musikagaz Olgetan izenburuko tailerrak antolatu ditu, 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendua. Karmele Garay Artebi eskolako musikaterapian eta musika artean aditua denak izango du tailerrak zuzentzeko ardura. Abenduaren 22, 23, 27an eta urtarrilaren 2an egingo dira, 11:00etatik 13:00era, udaletxeko liburutegi zaharrean. "Gaitasun musikala garatzea da tailer horien helburua", udal iturriek zehaztu dutenez. Izena emateko bi modu daude: kultur etxera joan edo 946 775 163 telefono zenbakira deitu. Argazkian, larunbatean ospatu zuten Barrikan Euskararen Eguna.