Bertsolari txapelketako finalerako bi sarrera zozketatuko ditu Berbotsek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 15a, 20:49

Larunbat honetan, abenduak 20, jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Barakaldoko BEC erakustazokan, 17:30etik aurrera. Gauzak horrela, Berbots Erandion Euskaraz! elkarteko kideek bi sarrera zozketatuko dituzte, txapelduna zein izango den asmatzeko asmoz, kinielatxoa bidaltzen dietenen artean. Asteazkena, hilak 17, izango da horretarako azken eguna, eta hurrengo egunean egingo dute zozketa. Parte hartu nahi duten guztiek mezua idatzi beharko dute, izen-abizenak eta telefono zenbakia jarrita, berbotserandio[abildua]telepolis.com e-posta helbidera. Bitartean, finalera joateko sarrerak abenduaren 18ra arte bakarrik egongo direla salgai jakinarazi du gaur Bertsozale Elkarteak; www.botasarean.biz webgunean eta BBKko orotariko kutxazainetan, hain zuzen. Sarrerak 16 eurotan egongo dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkideek, ordea, 12 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango. Eta gaztetxoek 8 euro. Gogoratu, finalean, Xabi eta Fredi Paya bertsolari algortarrak izango direla. Bertan, edozein gauza gerta daiteke: Xabik txapelari eustea, anaiari eman behar izatea, Etxaun Lekue bertsokideari, durangarren bati -Unai Iturriaga ala Igor Elortza-, Arkaitz Estiballesi edo, Bizkaiko bertsolaritzaren historian lehenengo aldiz, emakume bati; Onintza Enbeita edo Iratxe Ibarrari, alegia. Argazkian, zortzi finalistak, Jon Azpillaga bertsolaria (berak jarriko dio txapela, txapeldunari), Karmelo Uriarte Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiako ordezkaria izan dira gaur Durangon emandako prentsaurrekoan. Izan ere, 50 urte dira lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatu zenetik. FInalean ere ekitaldi berezi bat izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun