Milaka lagunek aldarrikatu dute "Euskaraz bai" BECen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 15a, 21:14

Kontseiluak larunbatean BECen egin zuen ekitaldian, milaka lagunek bat egin zuten "Euskaraz bai" leloarekin. Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu zuenez, pauso bat harago joateko garaia heldu da eta bide horretan lehen urratsa eman zen BECeko ekitaldian. Euskararen oreka hauskorra modu artistikoan irudikatu zen Bizkaia Arena aretoan. Ikuskizunean, besteak beste, ekilibristek, Xabi Paya bertsolariak, Kirmen Uribe idazleak, Elena Irureta, Asier Hernandez, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek ere parte hartu zuten, eta zirkuko ikuskizunak Kilikolo taldeak egin zituen. Kontseiluaren 10. urteurrenari amaiera eman zion ekitaldia izan zen BECekoa. Hamar urte horiek direla eta, egoeraren inguruko irakurketa egin zuen Kontseiluak. Egindako bidea luzea eta oparoa izan dela nabarmendu zuen, baina oraindik beharko genukeen egoeran ez gaudela ere nabarmendu zuen. "Bultzada berria behar du euskarak, egungo egoera gainditzea, normalizazioaren bidean aurrera egitea, egoera irauliz", aldarrikatu zuen Mendigurenek ekitaldian egin zuen diskurtsoan, BECera gerturatu ziren milaka lagunen aurrean. Argazkian, Kontseiluko zuzendaritza kideak Xabier Mendiguren idazkari nagusiarekin.

"Euskaraz bizi gura dugu" esanez hasiera eman zion Kontseiluko idazkari nagusiak bere mintzaldiari. Kontseilua osatzen duten 46 euskararen gizarte erakundeetako ordezkariekin itxaropentsu agertu zen Xabier Mendiguren: "Asko gara, eta asko egin dugu, gau-eskoletatik blogosfera euskaldunerako bidean hamaika izan dira pausoak". Horrekin batera, euskararen alde egotea ez dela nahikoa azaldu zuen idazkari nagusiak, are gehiago, konpromisoak "bakoitzaren erantzukizunetik" zehaztu behar direla azpimarratu zuen.

Idazkari nagusiarekin batera Euskararen Gizarte Erakundeetako ordezkariak izan ziren oholtzan: AEK, Antzerki Talde Amateurren Elkartea, Argia; Artez Euskara Zerbitzua, Berria, Bertsozale Elkartea, Egan, EHE, EHIGE, EIE, EIRE, EIZIE, Eusko Ikaskuntza, Elhuyar-Fundazioa; Elhuyar-Aholkularitza; Elkar; Emun; Euskal Editoreen Elkartea; Euskal Konfederazioa, Euskal Kultur Erakundea, Euskalan, Gaiak, Gerediaga Elkartea, Goiherriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, Hau Pittu Hau, Hik-Hasi, Hitzez, iBerba euskara zerbitzua, IKAIkas eta Ari, Ikastolen Konfederazioa, Ikerfolk, Ilazki euskaltegia, Jakin, Karmel, Kristau Eskola, Maizpide Euskaltegia, Mendebalde, Oinarriak, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Sortzen-Ikasbatuaz, Topagunea, Udal Euskaltegietako Langileak, UEMA, UEU, eta Urrats Euskaltegia.

Halaber, aurrera begira, eman beharreko pausoen norabidea aurreratu zuen Kontseiluaren bozeramaileak oholtzaren gainean. Hain zuzen ere, "Euskaraz bizitzeko dekalogoa" azaldu zuen. Hamar pausotan azaldu zuen Mendigurenek egin beharrekoa:

1. Orain arteko irakastereduak gainditu.
2. Euskara-saila gobernu-egituraren gailurrean kokatu.
3. Administrazioa euskaldundu.
4. Alor sozioekonomikoa euskaldundu.
5. Euskara berezko, lehentasunezko eta ezagutu beharreko hizkuntza aldarrikatu.
6. Helduak euskaldundu.
7. Unibertsitatea eta Lanbide Heziketa euskaldundu
8. Hedabideetan euskara-kuotak ezarri.
9. Euskararen aurrekontua handitu.
10. Hizkuntza-politika egokia burutu

Euskararen oreka

Euskararen normalizazioaren egoera irudikatzeko hainbat ikuskizun egin zituzten. Zirkuan oreka galtzear egon arren horri eusteko ahaleginak egiten zituzten artistekin irudikatu zuten euskarak egun bizi duen egoera: oihalen dantza, ekilibrista, enbor txinoa eta malabaristak, besteak beste. Eneko Olasagasti zinema, antzerki eta telebista zuzendariaren gidaritzapean antolatu zuen Kontseiluak ikuskizuna. Zirkuaren metaforarekin euskarak bizi duen oreka hauskorra azaldu zuten.

Musikak ere indar nabaria izan zuen ikuskizunean, bereziki hunkigarria izan zen Mikel Laboari egindako aipamena. Mikel Urdangarinek "Herria eta hizkuntza'" kantarekin omendu zuen Laboa, BECera bertaratu ziren lagunen txalo zaparrada eraginez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun