Euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioa izango da bihar Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 15a, 22:09

Joan den asteazkenean, abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, hezkuntza arloko ikasle, irakasle eta langileek euskal preso politikoek bizi duten "egoera gordina" salatu zuten, baita beraien "giza eskubideen ukazioa egunerokoa" dela adierazi ere. Zentzu horretan "biziarteko espetxe zigorra eta gaixo larriei ezarritako heriotza zigorra" adibidetzat jarri zituzten. Ildo horretan, astearte hinetan, hilak 16, euskal preso politikoen eskubideen aldeko prentsaurrekoa eta manifestazioa egingo dituzte. Ekitaldiok 11:30ean izango dira, Leioa eta Erandioko campusean. Argazkian, deialdirako kartela.

Hezkuntza arloko ikasle, irakasle eta langileen oharra:

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna den abenduaren 10 honetan, hezkuntza munduko ikasle, irakasle eta langileok espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatuta dauden 762 euskal preso politikoek bizi duten egoera gordina salatu nahi dugu.

Espetxeetan, beraien aurka mantentzen duten espetxe politika krudela dela-eta, preso politikoen giza eskubideen ukazioa eguneroko ogia da. Aspaldian euskal preso politikoei begira hartzen diren neurriek, bi gobernuek preso politikoak pertsona bezala suntsitzeko politikarekin aurrera jarraitzen dutela gogorarazten digute, biziarteko espetxe zigorra eta gaixo larriei ezarritako heriotza zigorra honen adibiderik lazgarrienak izanik.

Preso politikoei nahiz sakabanaketa krudelaren bidez euren senide eta lagunei aplikatzen zaizkien neurri hauek eteteko, herritarren inplikazioa eta lana ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Horregatik, Etxerat elkarteak berriki kaleratutako manifestua jaso eta azken asteotan atxikimenduak biltzen gabiltza hezkuntza arloko norbanako eta eragile desberdinen artean manifestuko hiru aldarrikapen nagusiak oinarritzat hartuz:

- Biziarteko zigorrik ez!
- Heriotza zigorrik ez!
- Euskal presoak Euskal Herrira!

Bide honetan, datorren abenduaren 16an, asteartea, hezkuntza munduko ikasle, irakasle eta langileok 11:30etan Leioako campusean burutu behar dugun prentsaurreko masiboan zein ondoren antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun