Hezkuntza arloko eragileek urtarrilaren 3ko presoen aldeko manifestazioarekin bat egin dute gaur Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 16a, 17:33

Gaur eguerdian, Leioa eta Erandioko campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean eskainitako prentsaurrekoaren bidez, euskal preso politikoek bizi duten "egoera latza" salatu dute hezkuntza arloko ikasle, irakasle, langile eta eragile anitzek. Gauzak horrela, urtarrilaren 3rako Bilbon deitutako preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioan parte hartzeko deitu dute. Etxeratek deituta, 17:30ean abiatuko da Aita Donostia plazatik. Agerraldiaren ostean, 130 lagun inguruk manifestazioa egin dute campusean zehar. Bide batez, gaurko egunean, Guardia Zibilak Pasaian eta Donostian atxilotutako lau pertsonak gogoan izan dituzte. Besteak beste, euskal preso politikoek pairatzen ari diren "euskaraz ikasteko eskubidearen urraketa" jarri dute mahai gainean hezkuntza arloko 8 eragilek eta 700 norbanako baino gehiagok. Azaldu dutenez, "bost urte daramatzagu egoera honekin. Ikasle presoek ezin dute euskaraz ikasi: behartuak dira UNEDen bitartez ikastea, hau da, gazteleraz". Argazkian, gaurko prentsaurrekoaren irudia / Gaztesarea.

Euren ustez, horrek "indartu egiten du espainiar Estatuak egunerokotasunean daraman estrategia errepresiboa, beraien helburu bakarra, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bakartzea eta asimilazioa direlarik". Adibide larrienak, berriz, "preso gaixo eta kondena beterik duten pertsonetan" ikusten dira eragileen hitzetan. Horregatik guztiagatik, "salbuespen egoera honen aurrean erantzuteko beharra" ikusi dute eta, beste behin, herritar guztien "atxikimenduaren beharrean" daudela azpimarratu dute.

Eraldatu / Frente de Estudiantes; Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE); Gazte Independentistak; Gazte Komunisten Kolektiboak (GKK); Ikasle Abertzaleak (IA); Ikasle Ekintza; LAB; Presoen Aldeko Taldeak (PAT); Arantza Urkaregi, Jose Ramon Etxebarria, Nikolas Xamardo eta Mario Zubiaga irakasleak; beste 300 irakasle baino gehiago; 400 ikasle baino gehiago; eta hamarnaka langile dira deialdiarekin bat egin dutenak.

Prentsaurrekoaren edukia:

Hezkuntzan dihardugun pertsona eta eragileok (irakasle, langile eta ikasleok) 760 pertsonatik gora osatzen duten Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, espetxe politika ikaragarri baten ondorioz, bizi duen egoera kezkagarriari erantzuteko bildu gara.

Pertsona eta kolektibo bezala suntsitu asmo duten politikek salbuespen neurri berezien bidez etengabe diraute, presoen bakartzea, urruntzea eta haien komunikazioa zailtzea beste helbururik ez dutelarik.

Azken urteotako neurrietako bat kolektibo honi ikasteko eskubidea ukatzen dion legea dugu. Badira bost urte preso politikoek haien ikasketak ezin dituztela UPVn bukatu eta UNEDen bidez eta gaztelaniaz ikastera behartzen dituztela. Beraz, beraien hezkuntza eskubidea urratua izateaz gain, hizkuntza eskubidea ere ez dute errespetatua.

2003an PPk abian jarritako kanpainak Espetxe Instituzioen eta UPVren arteko hitzarmena hautsi zuen. Honela, preso politikoei oinarrizko eskubidea dena ukatu zieten espainiar Estatuaren asimilazio estrategiari erantzunez, zeinek Gasteizko Gobernua duen aliatu nagusitzat.

Egoera kafkiar honetan, frantziar Estatuan espetxeratuak diren presoei UPVn ikasteko aukera mantentzen zaie, Estatu espainolean daudenei urratua zaien bitartean.

Erantzuleak markatu eta erantzukizunak eskatzen dizkizuegu poltronetatik ezikusiarena egiten duzuenoi. Urraketa ororen konplize zaretenoi egozten dizkizuegu ardurak.

Bestalde, egungo espetxe politika krudelaren, haren errepresio-mekanismoen eta kriminalizazio judizialaren islarik gogorrenak, biziarteko espetxe zigorraren ezarpena eta gaixo larriei ezarritako heriotza zigorra dira. Halaber, gero eta gehiago dira kondena betea duten presoak eta kartzelaraturik dirautenak.

Egoera honakoa izanik, espainiar eta frantziar Gobernuei eskari hauek luzatzen dizkiegu:

1. Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak berehala askatu ditzatela.
2. Biziarteko zigorra ezartzeko neurriak bertan behera utzi ditzatela; kondena betea duten presoak kaleratuz eta kalean daude preso ohiak bakean utziz.
3. Euskal presoak euskal herriratuak izan daitezela, sakabanaketa eta bakartze politikarekin amaituz.

Herritarren inplikazioarekin eta lanarekin soilik lortuko dugu euskal preso politikoen eskubideak bermatzea. Horregatik, gure atxikimendua adierazi nahi diogu azken asteotan Etxerat elkarteak kaleratutako manifestuari eta, era berean, deia luzatzen diogu euskal gizarteari urtarrilaren 3an Bilbon egingo den nazio manifestazioan parte hartzeko.

Euskal preso politikoen eskubideen alde, urtarrilaren 3an denok Bilbora!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun