Leioako Gazte Orkestrak eta La Kantoriak kontzertua eskainiko dute bihar, asteazkena, Deustuko Unibertsitatean. Hitzordua arratsaldeko 20:00etan izango da, unibertsitateko Paraninfoan. Kontzertua, Deustuko Unibertsitatearen Euskal Ikasketen Institutuak antolatzen duen Gabonetako Kontzertua dela-eta egingo dute, Margarita Lorenzo de Reizabalen zuzendaritzapean. Kontzertuaren lehen zatian G.B. Pergolesiren "Stabat Mater" eskainiko dute, horretarako Garbiñe Abendaño sopranoaren laguntza izango dute eta baita Basilio Astulez kontratenorrarena ere. Amaitzeko Tomas Araguesen "Suite de Navidad" izeneko obra abestuko dute, euskal zein nazioarteko gabon kanta ospetsuenetarikoak osatutakoa. Horretaz gain, aipatutako egitarau hau, protagonista berdinekin, berriro entzuteko aukera izango da ostiral honetan, hilak 19, arratsaldeko 20.30ean, Leioako San Juan Bautista elizan. Era berean, Leioa Kantika Koralak Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko du Gabonetako kontzertua datorren abenduaren 20an, larunbata. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, Basilio Astulezek zuzendutako neska-mutilek Bilboko Txistulari Udal Bandarekin batera jardungo dute jauregiko A1 aretoan, arratsaldeko 8etan. Kontzertua doakoa da, baina jesarlekuak mugatuta egongo dira. Argazkian, Leioako Kantika Korala /
La idea del norte.