Behatokia NBEko Gutxiengoen Aferetarako Forumean ari da parte hartzen Genevan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 16a, 20:03

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Paul Bilbao algortarra Suitzako Geneva hirian da Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Batzordeak atzo eta gaur antolatutako Gutxiengoen Aferetarako Forumean (Forum on Minority Issues). Lehen aldiz antolatu du NBEko Giza Eskubideen Batzordeak mota honetako forum bat, eta gutxiengoen hezkuntza-eskubidearen inguruko gomendioak eztabaidatu dira. Hala ere, Behatokiko ordezkariak azaldu duenez, lehen mailako eztabaida "gutxiengoen inguruan" eman izan da. "Kontuan izan behar dugu gutxiengo delako kontzeptua oso modu desberdinetan uler daitekeela, eta horrexegatik gurea bezalako hizkuntzetako ordezkariek berezko hizkuntza-komunitateei beste estatus bat eman beharra azpimarratu dugu", azaldu du Bilbaok. Argazkian, Paul Bilbao Genevan / Kontseilua.

Mundu mailako 300 aditu bildu badira ere berezko hizkuntzetako ordezkariak "oso gutxi" izan dira Bilbaoren arabera. "Horixe da talde guztiak zaku berean sartzearen arriskua; oraingoan, bretoiak, kurduak, euskaldunak, Hego Amerikako eta Afrikako zenbait ordezkari besterik ez gara egon. Aitzitik, munduan zehar barreiatuta dauden beste gutxiengoetako ordezkariek indar handiagoa izan dute, eta horrek hausnarketa batera eraman behar gaitu", adierazi du.

Frantzia

Hala ere, partaideek agerian jarri nahi izan dute Turkiako, Greziako eta Frantziako estatuei egindako kritikak. Bilbaoren esanetan, "ezin onar daiteke" gutxiengoen inguruko gomendio batzuk adostu nahian aritzea, "eta zenbait Estatuk haien lurralde barruan berezko taldeei existentzia juridikoa ez aitortzea".

"Nola ulertu gomendio batzuen inguruan eztabaidatzea, eta agerian ez uztea, gure kasuan, Frantziako Estatuari inolako betebeharrik ez ezartzea. Jakin dakigu, Frantziako Estatuak aski erraz muzin egin diezaiekeela gomendio hauei, lurraldean gutxiengorik ez dagoela adierazita. Horrela egin izan du Nazio Batuetako beste Itun batzuei dagokienez", salatu du Bilbaok.

Azkenik, Behatokiko ordezkariak aukera baliatu nahi izan du Nazio Batuetako Gutxiengoen Aferetarako Gay Mc Dougallekin eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordekide zenbaitekin hitz egiteko. Batetik, Frantziarekiko agertu zituzten gomendioak "oso egokiak" izan direla adierazi die, eta bestetik, Frantziako Estatuak "beste behin muzin egin" diela azaldu die.

Hartara, aditu horiek guztiek kezka agertu dute berriz ere Frantziako Estatuak gomendioa betetzeko ahaleginik egin ez duelako. "Askotan esan izan dugu Frantziako agintariek entzungor egiten dietela Nazioarteko instituzioetatik helarazten zaizkien gomendioei, baina aukera hau aprobetxatu nahi izan dugu aditu horiei horren berri zuzena helarazteko", gaineratu du Bilbaok.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun