Getxo Antzokiaren eraiste lanak bertan behera uzteko "berehalako neurriak" hartzea eskatu dio Getxoko epaitegiari, tokiko PSE-EEk. Atzo goizean hasi ziren eraikina botatzen eta atzo bertan aurkeztu zuten auzi eskaera konstituzionalistek. Luis Almansa Getxoko PSE-EEren bozeramailearen arabera, "hirigintza araudia urratuz" hasi da Getxo Antzokia eraisten Imanol Landa alkatea. "Eraikin bat bota eta bere lekuan berria jartzeko Udalbatzak onartutako xehetasun azterketa beharrezkoa da", bere hitzetan. Ildo horretan, "Getxo bere batzokia bailitzan, larderiatsu" eta "herritarrekiko erabateko errespetu faltaz" jokatzea egotzi dio udal agintariari Almansak. "Ordu gutxiren buruan" epaileak Getxo Antzokiaren eraiste lanak gelditzea espero du PSE-EEk. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia, Imanol Landa alkatea eta Koldo Iturbe Kultura zinegotzia, atzo goizean, Getxo Antzokia botatzen ari zirela.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!