Eskolak euskaldundu dezan eskatzeko hiru elkarretaratze egingo du bihar IAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 16a, 20:49

"Iruzurraren legeari ez! Eskolak euskaldundu behar du!" lelopean hiru mobilizazio deitu dituzte biharko, asteazkena, hilak 17, Uribe Kostako Ikasle Abertzaleek. Eusko Alkartasuneko kidea den Tontxu Campos EAEko Hezkuntza sailburuak aurkeztutako hizkuntza ereduak aldatzeko legea atzera bota nahi dute ikasleek geldialdi eta protesten bidez. Horretarako, honako hitzorduak jarri dituzte bihar eskualdean: alde batetik, EAk Areetako Adiskidetasun kalean duen egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo dute Itzubaltzeta / Romoko Romo-Artatza, Getxoko Aixerrota eta Erandioko Ategorri-Tartanga institutuetako ikasleek, horraino manifestazioan joango direla; beste aldetik, ordu berean, Leioako Askartza eta Sopelako Ander Deuna ikastetxeetako ikasleak zentroetan bertan kontzentratuko dira. Eskualdeko IAren arabera, "Eusko Jaurlaritzak hizkuntza ereduen porrota onartu eta gero, hizkuntza ereduen aldaketa sakona behar zela onartu zuen", baina orain Camposek mahai gainean jarritako lege erreforma "hutsunez betea, zehaztasunik gabea, malgua eta oso kaskarra" ei da. Salatu dutenez, finkatutako euskarazko ordu kopurua dela eta, "B ereduaren azpitik dago" proposatzen den eredua. Argazkian, Eskolak Euskaldundu Ekimenak egindako mobilizazioetariko bat / EHBE.

Goizeko mobilizazioak Uribe Kosta eta Erandion:

Leioa eta Erandioko campusa:
- Lanuztea eta elkarretaratzea Bilboko Arriaga plazan, Eusko Alkartasunaren egoitzaren aurrean, 12:00etan.

Leioa eta Itzubaltzeta / Romoko Romo-Artaza institutua:
- Lanuztea, manifestazioa eta elkarretaratzea Areetako Adiskidetasun kalean, Eusko Alkartasunaren egoitzaren aurrean, 12:00etan.

Getxoko Aixerrota institutua:
- Lanuztea, manifestazioa eta elkarretaratzea Areetako Adiskidetasun kalean, Eusko Alkartasunaren egoitzaren aurrean, 12:00etan.

Erandioko Ategorri-Tartanga institutua:
- Lanuztea, manifestazioa eta elkarretaratzea Areetako Adiskidetasun kalean, Eusko Alkartasunaren egoitzaren aurrean, 12:00etan.

Leioako Askartza institutua:
- Lanuztea eta elkarretaratzea ikastetxean bertan, 12:00etan.

Sopelako Ander Deuna ikastola:
- Lanuztea eta elkarretaratzea ikastetxean bertan, 12:00etan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun