La Terraza kafetegiko proiektua gelditu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 16a, 20:54

Imanol Landa Getxoko alkateak Bozeramaleen Batzordean bildutako udal talde politikoei jakinarazi die, gaur, Algortako Ereaga hondartzan erabilera anitzeko eraikina egiteko prozesu administratiboa behin-behinean gelditzeko erabakia, udal talde politikoen artean elkarrizketarako eta adostasunerako aukera bideratze aldera. Hala ere, udal agintariak zehaztu nahi izan du “horrek ez duela inolaz ere esan nahi proiektua alde batera utziko" dutenik, eurentzat "oso baliogarria izaten segitzen duelako". Gaineratu duenez, "hausnarketa aldia zabaldu nahi dugu, denon artean lan egin ahal izateko, beste egitasmo estrategiko batzuekin egin dugun bezala, esate baterako, Getxo Antzoki berriarekin edo Begoña gazteluko hotelarekin, behin betiko erabakia hartu aurretik”. Bitartean, Getxoko PPk sinadurak aurkeztutako 1.071 bizilagunei eskertu die La Terrazako proiektua "geldiarazi" izana. Aipatu lagunak joan den astean hartu zituen Imanol Landa alkateak. Argazkian, La Terraza kafetegia.

“Bai egungo La Terraza kafetegiaren eraikinaren eraistea -urtarrilerako aurreikusita zegoena-, bai proiektuaren lanen esleipenerako prozesua geldiarazteko barne aginduak eman ditut, azpiegitura horri buruzko eztabaida lasaia eta argia bultzatzeko helburuarekin, horrela denon arteko adostasun handiago lortzeko”, azaldu du Landak. “Hemendik aurrera”, esan du alkateak, “alderdi sozialistak eta alderdi popularrak elkarrizketarako eta adostasuna lortzeko agertutako borondatea ea benetazkoa den egiaztatuko dugu, edo gobernu taldea eta udalerrirako proiektu estrategikoen aurrerapena higatzeko estrategia berriaren aurrean gauden ikusiko dugu”. Ildo horretan, udal agintariak nabarmendu izan du auzokideekin aurreko astean izandako bilera "giro atseginean eta eraikitzailean" izan zela, “proiektuaren nondik norakoak azaldu genizkien eta baita bere helburua, hau da, hondartzaren eta Getxo bezalako udalerriak behar duen kalitatezko turismo bulego berriak dituen beharrei erantzun ahal izatea”. Landak esan du “egitasmoa herritar guztiei aurkeztuko diegu horren benetazko edukia ezagutu dezaten”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun